Milaka pertsonak kaleratu dute apustu etxeen aurkako aldarria Iruñean

Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformak deituta, milaka pertsona irten ziren kalera larunbatean, 'Apustu etxerik ez. Borroka eginez irabaziko dugu' lemapean. Arratsaldean irten ziren zutabeak hainbat auzo eta herritatik, eta gero, Gaztelu plazan elkartu ziren guztiak. Iruñerria mailako plataforma sortu zenetik egin duten aurreneko ekimen bateratua izan da honakoa.
Argazki Nagusia
2020ko otsailaren 10a

Joan den larunbatean, otsailak 8, milaka lagunek hartu zituzten Iruñeko (Nafarroa) kaleak, apustu etxeen aurkako aldarria plazaratzeko. Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformak deituta, 18:00etan hasi zen mobilizazioa Gaztelu plazatik, Apustu etxerik ez. Borroka eginez irabaziko dugu lelopean. Horren aurretik, Iruñerriko auzo eta herri desberdinetatik irten ziren zutabeak; hala nola, Iturramatik, Berriozarretik, Mendillorritik edota Burlatatik.

Manifestazioaren harira, apustu etxeen auzia lantzeko eta aztertzeko hitzaldi ugari izan dira Iruñerrian aurreko egunetan.

2019. urteko abenduan jaio zen Iruñerria mailako apustu etxeen aurkako plataforma, eta asteburukoa izan da gauzatutako aurreneko ekimen bateratua.