AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Teleprensa
2025/01/29 09:10

Antiga Massanaren desalojotik haratago zihoan dei gisa planteatu zuten atzo arratsaldeko manifestazioa Bartzelonan (Katalunia): alokairuen sarraskiaren, etxegabetzeen zein turismoaren negozioaren kontra emandako erantzun bateratu bat izan zen. Zentro sozialeko kideek "Batlle, Collboni eta Illaren PSC buru duen errepresio-politikaren mehatxupean dauden kolektibo eta pertsona guztiei" luzatu zieten borrokarako deia. Izan ere, seinalatu zuten politika horren helburua dela Bartzelonan "turismoaren eta higiezinen lobbya bermatzea", baita "makroekitaldi handiek etekinak ateratzen" jarraitu ahal izatea ere, "hiria beren interesetarako erabiliz" nahiz "bazterretako pobrezia garbituz eta ordenatuz", "postaletan agertu ez dadin".

Mobilizazioa hasi baino lehen, check-point-en moduko polizia-kontrolak izan ziren Ravaleko sarrera guztietan, identifikazioekin eta sarbide blokeatuekin. Ehunka agentek, dronek, helikopterok, kamerak eta kalez jantzitako agentek auzoa hartu zuten, hura "are gehiago militarizatuz", antolatzaileen arabera. Hala ere, hiriko hainbat tokitatik irtendako zutabeak iritsi ziren Ravaleko Ramblaraino, manifestazioaren hasierako punturaino. Milaka pertsona bildu ziren Antiga Massanaren desalojoaren kontra eta "enpresarien eta politikarien diktaduraren" kontra.

Manifestazioan zehar, espekulazioaren eta kapitalisten interesei lehentasuna ematen dien hiri-ereduaren espazio eta sinbolo batzuk seinalatu zituzten, egunez egun langile-klase osoa zapaltzen eta itotzen dutela salatzeko. Poliziak zenbait tokitan egin zuen manifestarien aurka, hainbat zaurituz eta inguratuz. Manifestazioa apurtzeko eta sakabanatzeko ahaleginak egin zituen arren, Antiga Massana aurrera iristea lortu zuten milaka pertsonak. Bertan, hitza hartu zuten orain arte eraikinean antolatu diren kolektiboek.

"Politika parlamentarioa ez da konponbidearen parte"

Antiga Massanako kideek adierazi zutenez, desalojoak berriz erakutsi du "Collbonik, PSCk eta alderdi politiko guztiek, aurpegi atseginagoa izan edo ez, espekulatzaileen eta enpresarien etekinari eusteko eginkizuna betetzen" dutela, "langile-klasea itotzearen eta, kosta ahala kosta, antolatu gaitezen ekiditearen kontura". Eta gaineratu zuten: "Gaurko hustea egin zitekeen modu bakarrean egin da, erabat modu ilegalean eta gezurretan eta difamazioetan oinarrituta". Nabarmendu zuten, bestalde, "bota nahi bagaituzte, Antiga Massana sinbolo bat izan delako" dela, "antolatzen garenean dugun potentziaren erakusgarri". "Gaur ez da ezer amaitzen, gaur beste egun bat da ondoko ziurtasunean: politika parlamentarioa ez dela konponbidearen parte, arazoaren parte baizik", seinalatu zuten.

Kataluniako Organització Juvenil Socialista (OJS) antolakundeak ere hitz egin zuen. Gogora ekarri zuenez, "bidea ez da erraza izan eta ez dago bidezidorrik", baina "gure gain hartzen dugu basakeria-testuinguru hau gainditzeko gai den bide bakarrarekiko konpromisoa: iraultza sozialista". Zeregin modura azpimarratu zuen "gure klaseari ahots iraultzailea ematea, eta horrek forma hartzea gatazka bakoitzean, gure jendeak jasaten duen kolpe bakoitzean". Azkenik, gaur goizean Justiziaren Hirira bertaratzera deitu zuen OJSk, atxilotutako pertsonei elkartasuna adierazteko. Goizean zehar epailearen aurrean deklaratuko dutela espero da.

EZ DAGO IRUZKINIK