AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/17 08:56

Atzo, otsailaren 16an, milaka pertsona mobilizatu ziren Iruñean (Nafarroa), Nafarroako industrian izaten ari diren itxierei eta kaleratze kolektiboei erantzunez. Zazpi enpresatako langile-batzordeek egin zuten mobilizazio deialdia; BSH, Volkswagen, Nano Automotive, Siemens-Gamesa, Sunsundegui, Tasubinsa eta Tenerias Omega enpresetako beharginek, hain zuzen ere. "Nafarroako industriaren etorkizunaren alde", Golemeko zinematik atera zen manifestazioa 12:00ak jota, eta Gaztelu plazaraino heldu zen.

Tuterako (Nafarroa) Nano Motive itxi egin dute jadanik, berehala zarratu nahi dituzte Ezkirozko (Nafarroa) BSH eta Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui, kaleratzeak iragarri dituzte Siemens Gamesan... Hala, indarrak batuta, elkarrekin mobilizatu ziren lantoki horietako langileak. Aldarri ugari ikusi ziren atzo Iruñeko kaleetan, lantegi bakoitzeko borroken erakusgarri: "Sunsundegui ez itxi", "Etorkizuna nahi dugu", "Nano ez itxi", "Kaleratzerik ez, irtenbidea orain", "Bosch: en Balay amigos ya no hay" edo "BSH ez itxi". Eta mobilizazioan zehar entzun ziren oihuak ere ugariak izan ziren: "Ez gara zenbakiak, familiak gara", "Langile kaleratua, patroia zintzilik", "Hemen gaude industriaren alde" eta abar. Gogorarazi zutenez, gaur egun 2.000 langile inguru daude kolokan Nafarroako industrian, eta 88.000 bat beharginek jarduten dute sektorean.

Manifestazioaren hasieran, BSHko langile-batzordeko presidenteak azaldu zuen murrizketak ezartzen ari diren enpresa ugarik jaso dituztela dirulaguntza publikoak aurretik, eta "langile-klaseak egindako ekarpena" dela diru horren jatorria. Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatu zion "legeria bermatzaile" bat egin dezala enpresen murrizketen aurka; eta enpresetako zuzendaritzei, berriz, jarduna mantentzeko eta deslokalizazioak ekiditeko "konpromisoa" har dezatela eskatu zien. Mobilizazioaren bukaeran gaineratu zutenez, deslokalizazioen helburua da ekoizpenaren kostua txikitzea eta, horren bidez, enpresen irabaziak handitzea.

EZ DAGO IRUZKINIK