AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/04 19:25

Eguerdia igarota irten da mobilizazio jendetsua Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarretik, gaurkoan beste hainbat lurraldetan egiten ari diren bezala, higiezinen negozioaren aurka eta etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta eta kolektibo ugarik bat eginda, hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte milaka pertsonak, eta, ibilbidean zehar, turistifikazioa eta higiezinen negozioa seinalatu dituzte, besteak beste. Borrokan ari diren eta sindikatuarekin antolatuta dauden hainbat bizilagunen borrokak ere presente egon dira manifestazioan, hala nola, Pasaian (Gipuzkoa) etxegabetuak izateko arriskuan dauden Escalerillaseko bizilagunena.

Mobilizazioak "Etxebizitzaren negozioari ez" eta "Enpresari zein politikarien eskutik ez da irtenbiderik etorriko" izan ditu lelo nagusitzat. Izan ere, sindikatuak nabarmendu du "politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu diren kezka soziala eta kale-mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabiltzen" dituztela, eta erakunde publikoetatik hartu eta famatu dituzten neurriak "faltsuak" direla. Sindikatuaren esanetan, "eskaintza falta" bezala saltzen duten arazo bati etxebizitzaren negozioa indartuz erantzuten diote administrazioek; diru publikoaren bidez "etxebizitzaren negozioa are errentagarriagoa bihurtuz" eta "onura eta erraztasun legalak emanez sektore errentistari eta eraikuntzaren sektoreari".

Horregatik adierazi dute gaur "etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez dela higiezinen negozioa finantzatzen duten politikarien eskutik etorriko, baizik eta antolaketaren eta hobekuntza eraginkorren aldeko borrokaren eskutik, higiezinen sektorearen irabaziak murrizteko". Gaurko mobilizazioan zehar, etxegabetzeen eta desokupazio-enpresen aurkako aldarriak bereziki presente egon dira, baita borrokaren aldekoak ere.

Higiezinen negozioa, politika instituzionalek indartua

Sindikatuak, beste behin ere, salatu du "langile-klasearen pobretzean funtsezko faktore" bat dela etxebizitzaren arazoa, eta langileriari eragiten diola etxebizitzaren krisiak: "Enpresarientzat eta errentarientzat dena ondo doa". Oroitarazi du, hala, higiezinen negozioa dela "etxebizitzaren arazoaren erroa".

"Behin eta berriz sinetsarazten digute etxebizitzaren arazoa eskaintzaren eskasiatik datorrela eta, beraz, horren konponbidea eskaintza sustatzea eta merkatu hori erakargarriagoa eta errentagarriagoa bihurtzea dela", azaldu dute sindikatutik: "Errealitatetik oso urrun, higiezinen merkatua errentagarrienetako bat da, eta gero eta espekulatzaile eta jabe gehiagok harengan interesak dituztelako larriagotu da etxebizitzaren arazoa". Larriagotze horren erakusle modura aipatu dituzte "prezioen igoera, etxegabetzeen gorakada, maizterren babes juridikorik eza, desokupazio-enpresen gorakada eta abar".

Horri lotuta, manifestazioaren antolatzaileek gogor kritikatu dute "etxebizitzaren arazoa arintzera bideratutako politika instituzionalen helburua higiezinen negozioa finantzatzea eta haren errentagarritasuna babestea" dela. "Neurriak hartzen ari direla dioten alderdi politikoak etxebizitzaren arazoak ematen duen negozio-aukeraz baliatzen ari dira enpresaburuen eta jabeen aldeko neurriak hartu eta 'neurri sozial' gisa aurkezteko", gaitzetsi dute: "Errentismorako subsidioak, %100erainoko zerga-salbuespenak jabeentzat, eraikuntza-sektorearen finantzaketa publikoa, ez ordaintzeen aseguru publikoaren sorrera eta abar".

Neurriak negozioaren kontura

Horregatik guztiagatik azpimarratu dute sindikatutik ezinbestekoa dela "planteatu daitezkeen neurri aringarriak higiezinen sektorearen irabaziaren kontura hartzea". "Etxebizitzaren arazoaren aurkako neurri eraginkorrak higiezinen patronalaren irabazien kalterako hartzen direnak bakarrik izan daitezke", zehaztu dute. Iritzi diote, hain justu, "eztabaida argia" dela: "Edo diru publikoarekin finantzatzen da prezioen igoera, edo etxebizitzaren prezio guztiak jaisten dira eta higiezinen irabaziak murriztu".

Eta, horretaz gain, sindikatuak aldarrikatu du edozein neurrik "herri-mobilizazioan eta antolakuntzan oinarrituta" egon behar duela eta "hobekuntza horietako edozeinen atzean, babes sozial zabala artikulatu behar dela". "Aritmetika parlamentarioaren ondorio diren erreformak galdu egiten dira. Ordea, antolaketaren eta borrokaren bidez lortzen direnak, mantendu eta hedatu egiten dira", seinalatu du: "Mobilizazioa gizartean zentzu komun berri baten alde borrokatzeko tresna da, ez parlamentarismoak jasotzen dituen eskaerak egiteko tresna". Horiek horrela, erreibindikatu du "eskubideak antolakuntzaren bidez konkistatzen eta mantentzen" direla.

Etxebizitzaren merkantilizazioa berme bakarra

Sindikatuak, bestalde, ohartarazi du etxebizitzari "merkantzia izaera" kentzea funtsezkoa dela "etxebizitzaren arazoari irtenbide iraunkorra eta unibertsala emateko". Uste du, "etxebizitza merkantzia bat den bitartean, eta desberdintasun sozial eta ekonomikoan oinarritutako gizarte batean bizi garenez, etxebizitzaren arazoak bere horretan jarraituko" duela bestela. Hori dela eta, defendatu du "etxebizitzaren arazoarekin bukatzeko modu bakarra" dela "gizarte berri bat eraikitzea, non etxebizitza ez den merkantzia bat, eta baliabideak behar sozialen arabera planifikatzen diren".

Etxebizitza-eskubidea ziurtatzeko bidean, hainbat aldarri zehatz egiten ditu sindikatuak: "Etxegabetze guztien etetea, etxebizitzaren prezio guztien jaitsiera, desokupazio-enpresen desegitea, turistifikazioaren aurkako neurri eraginkorrak eta kalitatezko etxebizitza doakoaren eta unibertsalaren beharra".

Babes zabala izan du mobilizazioak

Azken asteetan, babes handia jaso du Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren gaurko mobilizazio deialdiak: arrazakeriaren aurka aritzen diren 20 kolektibok baino gehiagok, dozenaka gazte-eragilek, ehunka gizarte-langilek, sortu berri den Nafarroako Etxegabetzeen Aurkako Suhiltzaileen Plataformak eta bazterketa soziala eta etxebizitzaren problematika lantzen duten eragile ugarik (adibidez Berri-Otxoak, Argilan-ESK edo Bizilagunekin Donostia) babestu dute manifestazioa.

EZ DAGO IRUZKINIK