Hezkuntza erreformen aurkako aldarriak ozen entzun dira gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ikasle Abertzaleakek grebara deitu zituen ikasleak gaurko, martxoaren 24rako, eta milaka ikaslek egin dute bat deialdiarekin. Hala, Bilboko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Iruñeko (Nafarroa) karrikak hartu eta ezetz esan diote oldartzen ari den erreformen olatuari.
Goizean piketeak egin dituzte gazteek zenbait ikastetxetan eta campusetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, campuseko segurtasun-indarrek gogor jo dute piketeetan ziren ikasleen kontra, eta Foruzaingoa ere sartu da campusera. Gasteizko campusekoa izan da, dena den, polizia-indarren oldarraldirik gogorrena: gutxienez 34 ikasle atxilotu ditu Ertzaintzak.
Atxilotuei elkartasuna adierazi diete Bilboko, Donostiako nahiz Iruñeko manifestazioetan, eta atxiloketak salatzeko protestak izango dira arratsaldean. IAk deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean, Durangon (Bizkaia), Ondarroan (Bizkaia), Lekeition (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Altsasun (Nafarroa) eta Baionan (Lapurdi).
Neurriz neurri
"Hezkuntza etengabe ari da eraberritzen lege eta erreformen bidez. Izan ere, datorren ziklo ekonomikora egokitzeko ezinbestekoa da hezkuntza eraldatzea. Gure ustez, erreformaldi hori elite ekonomikoek gidatu eta politikari profesionalek egikarituko dute", adierazi dute gaurko manifestazioen amaieran IAko kideek. Zentzu horretan kokatu dituzte, hain justu, Bigarren Hezkuntzan ezartzen ari diren LOMLOE neurri-sorta, unibertsitateetan martxan jarri nahi duten LOSU erreforma eta jada onartuta dagoen Lanbide Heziketarako Plana.
"Lege bakoitzak, bere esparruan bada ere, egoera orokor bati erantzuten diola uste dugu: krisi kapitalistari", ohartarazi dute. LOMLOEren bidez, esaterako, "gaitasun tekniko-digitalen irakaspena bermatu" nahi dela zehaztu dute, baita "ikasleen balioak lehiakortasunean eta ekintzailetza kapitalistan oinarrituko" direla eta "pentsamendu kritikoa garatzeko ezein aukera ezabatuko" dela ere.
Lanbide Heziketarako Planari dagokionez, derrigorrezko sistema duala ezarriko duela nabarmendu du IAk, eta horren helburua dela "lan-indar merkea sortzea" eta "enpresen etekinak handitzea". "Enpresek norabidetuko dituzte ikasketa alorrak, baita praktikak ere. Enpresa handien esku utziko dute Lanbide Heziketa", azaldu du.
Unibertsitateetan, bestalde, Bizikidetza Plana onartu dute jada eta mahai gainean jarri dute LOSU izeneko neurri-sorta. Modu honetan laburbildu dituzte IAko kideek neurri horien ondorioak: "etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatu eta bestelakoak pixkanaka desintegratuko dira, enpresen finantziazioa handitzea onartuko da, beraien esku gera daitezen ikerketa-lerroak eta graduen edukia, eta jarduera zein militantzia politikoa zigortuko dira ondorio akademikoen bidez". "Hori gutxi balitz, gure ikasketek eta lanek bateraezinak izaten jarraituko dute, ebaluazio eta azterketa ereduarengatik antsietatea izaten jarraituko dugu eta matrikulen nahiz tasen prezioen gorakadarengatik askok ikasteari utzi beharko diogu", gaineratu dute.
Borrokara, hezkuntzaren elitizazioaren aurka
"Guk argi dugu erreforma horiek zuzen-zuzenean kolpatzen dutena langile klasea dela, hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino", salatu du gaurkoan IAk: "Prozesu horretan ikasle langileak pairatzen dituen ondorioak agerikoak dira: hezkuntzaren garestitzeari aurre egin ezina, ikasteko baldintza kaskarrenak dituena zigortzen duen ebaluazio-sistema, lana eta ikasketak uztartzeko ezintasuna, lan egiteagatik ordaindu behar izatea, eta horrek guztiak egunez egun ikasle langilearen antsietatean eta osasun mentalean duen eragina".
Beraz, "erreforma prozesu horren aurrean antolatzeko eta mobilizatzeko unea" dela azpimarratu du: "Horretarako atera gara gaur kalera: mobilizaziorik eta antolakuntzarik ezean, dirudunek nahieran erabiliko gaituztelako beraien interesak asetzeko; gure eskubideak defendatzen ez baditugu, gaur egun daukagun apur hori ere galduko baitugu".
Hezkuntza burgesa jopuntuan
Hezkuntza sistema burgesaren hainbat alderdi ere seinalatu dituzte IAko kideek, horien aurrean zenbait aldarrikapen egiteko. "Hezkuntza burgesa gizabanakoen kontzientzia eratzen saiatzen den bitartean, ezarritako sistema aldaezina dela sinets dezaten, gure betebeharra da errealitate historikoan oinarritutako hezkuntza eraikitzea. Hezkuntza sozial eta politikoa. Errealitatean parte-hartze aktiboa izateko hezkuntza. Lanaren banaketa gainditzen duen hezkuntza. Guztiontzako hezkuntza", adierazi dute, batetik.
"Hezkuntza burgesa politizazio oro baztertzen saiatzen den bitartean, askatasun politikoen defentsa irmoa egitea dagokigu; oinarrizko askatasunak ere ukatuak zaizkigun honetan, antolakuntzaren gaitasuna muturrera eramatea", aldarrikatu du, bestetik. "Hezkuntza burgesak hezkuntzaren helburua bizitzako arrakasta dela sinetsarazi nahi duen bitartean, gizarte-baldintza nagusi eta aldaezinen barruan, iraultzaren pedagogian oinarritzen den hezkuntza eraiki behar dugu; hau da, gizartea eraldatzearen norabidean ardazten den hezkuntza eraiki behar dugu. Proletalgoaren kontrolpeko hezkuntzaren alde egin behar dugu borroka", gehitu du.
"Bi aukera ditugu: etorkizuna irabaztearen alde borrokatu edo enpresari handiek botere osoa har dezaten utzi", diote IAko kideek. "Argi daukagu posible dela beste mundu bat eraikitzea, gizartearen interesak lehenetsiko dituena, ikasle guztion beharrak bermatuko dituena. Hau da, gaixotasunen aurrean sendagaiak bilatzeko ikertuko duena, eta ez etekin ekonomikoa areagotzeko; guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoei gainjarriko diona", xehatu dute.
Eredu hori, hain justu, hezkuntza sistema sozialista dela azaldu dute. "Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntzan sakondu behar dugu, eta horretarako funtsezkoa den hezkuntza sistema sozialistaren alde egin", ondorioztatu dute.
Antolakuntzaren ahala
Gaurko mobilizazio jendetsuei erreferentzia eginda, IAk nabarmendu du "azken asteotan Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan zein unibertsitateetan egindako lan konprometituaren eta antolakuntzaren gaitasunaren isla garbia" direla; alegia, "poliki-poliki geroz eta handiagoa den lan guztiaren atzean metatzen ari den indarrarena". "Erreforma garaiotan gailentzen diren aldarri partzial eta osatugabeen aurrean, hezkuntza sistema bera kolokan jarri eta berau gaiditzera bidean lanean jarraitzeko indarra" da hori, hain zuzen, IAko kideen esanetan.
"Borroka hasi besterik ez da egin. Hezigunez hezigune, eguneroko lanak jarraituko du; antolakuntzak jarraituko du", iragarri dute.