Greba eguna izan da gaurkoa Euskal Herriko hezkuntzan. Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak Aski da! lelopean egin zuen greba-deialdia bigarren hezkuntzan, unibertsitatean eta lanbide heziketan, gorakada erreakzionarioaren kontra eta ikasle langileen interesen alde. Hala, milaka ikaslek egin dute greba gaur, martxoaren 13an, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan diren manifestazioetara batu dira. 11:30ean hasi da Gasteizko (Araba) mobilizazioa, Andre Mari Zuriaren plazatik. Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa), berriz, 12:00etan abiatu dira manifestazioak; Eliptikatik, Ibaetako Aulariopetik eta Sarasatetik, hurrenez hurren.
Manifestazioen ibilbidean zehar, aldarri zehatz ugari egin dituzte ikasleek, aipatutako borrokei lotuta: enpresek hezkuntzan duten esku-hartzea salatu dute; Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) tasak jaisteko eta bekak hobetzeko asmoz martxan daukan kanpaina gogorarazi dute; Bilboko Txurdinaga Behekoa ikastetxearen itxierari ezetz esan diote; irakasle erasotzaile matxistak seinalatu eta erasorik gabeko hezkuntza aldarrikatu dute, eta abar.
IAk azaldu duenez, "ikasleen artean borrokarako grina piztea" eta "ikasle langileon interesatara egongo den hezkuntza sistema" erreibindikatzea izan du helburu; hau da, hezkuntza sistema sozialista. Eta, horretaz gain, "gorakada erreakzionarioari hezkuntzan ere aurre" egingo diotela jakinarazi du: "Ikasleok gorakada horren aurka lehen lerroan egon behar gara".
Olatu erreakzionarioa, baita hezkuntzan ere
Antolakundeak kezkaz salatu du "matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen handitzen" ari dela gizartean, hezkuntzan barne: "Hezkuntza sistema hau ez da salbuespena, arazoaren parte da. Zenbat eraso matxista kasu izan ditugu aurten? Eta zer egin dute zuzendaritzek, dekanotzek, hezkuntza sistema honetako arduradunek? Ezertxo ere ez". Horiek horrela, esan du ezin dela "hori guztia normalizatzen utzi", eta funtsezkoa dela eraso matxistei eta erasotzaileen inpunitateari modu antolatuan erantzutea.
Ikasle langileen egoera, okerrera
"Klasismoaren erruz", urtez urte okerrera egiten ari da ikasle langileen egoera, gaurkoan IAk nabarmendu duenez: "Segregazioa handitzen ari da, ikasketak garestitzen ari dira, lan-kargarekin arazoak ditugu, matrikulekin nahiz bestelako gastuekin ere bai...". Eta, egoera horretan, "kaltetuenak" ikaslerik pobreenak direla ohartarazi du; "arazoei aurre egiteko baliabiderik ez dutenak", alegia. "Hezkuntza sistema honek ikasle proletarioak kanporatu nahi ditu, baina ez dugu onartuko, [...] Ikasle langileon interesak defendatuko ditugu", gaineratu dute antolakundeko kideek.
Hori gutxi balitz, oroitarazi dute enpresek duten esku-hartzea gero eta handiagoa dela, eta horren "adibide muturrekoa" dela Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) Israelgo Estatu genozidarekin harremanak izatea. Eta, gainera, gogoan izan dute "diziplinamenduak eta kontrol sozialak gero eta pisu handiagoa" dutela hezkuntzan, adibide modura aipatuz ikasleen aurkako "zigorrak, eskubide politikoen urraketa edo polizien eta seguraten presentzia" heziguneetan.
Hezkuntza sistema sozialistaren norabidean
IAk, bestalde, kezkaz seinalatu ditu Europar Batasunean izaten ari diren gorakada belikoa eta berrarmatzea, edonolako alderdi parlamentarioek, ezkerrekoek kasu, babestuta: "Gerrara garamatzate, agenda belizista babesten dute. Eta gerran eta armetan gero eta gehiago inbertitzen duten bitartean, hezkuntzan nahiz osasungintzan gero eta gutxiago inbertitzen dute". Ikasle-antolakundeak, beraz, azpimarratu du ikasleak ere "gerra eta langileon miseria dakarten alderdietatik eta alderdi ultraeskuindarretatik kanpo antolatu behar" direla, eta "ezinbestekoa" dela "bide iraultzailea hartuko duen ikasle mugimendu handi bat osatzea".
"Borroka-prozesu eta dinamika bakoitza hezkuntza sistema sozialistaren norabidean ulertzen ditugu", xehatu du IAk: "Posible da bestelako hezkuntza sistema baten eraikuntza; ikasleon garapen askea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko dituena; euskaraz ikasteko eskubidea errealki bermatuko duena; langileon kontrolpekoa eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango dena". Zentzu horretan, IAko kideek dei egin diete ikasleei "gurekin batera borrokatzen eta antolatzen jarraitzera".