Orbaizetakoa (Nafarroa) zen Mikel Zabalza, eta bertan egin diote omenaldia joan den igandean, bere erailketaren 39. urteurrenean. Nafarroako Gobernuak ia lau hamarkada behar izan ditu Zabalza "motibazio politikoko ekintza" baten biktima modura onartzeko, baina aurten eman dio aitorpen hori. Mikel Zabalza Gogoan elkarteak urtero antolatzen du gazte orbaizetarra oroitzeko ekitaldi bat.
Guardia Zibilak 1985ean atxilotu zuen Zabalza, Altzan (Donostia, Gipuzkoa). Beste hainbat pertsona ere atxilotu zituzten polizia-operazio berean, hala nola, bere bi anaiak, lehengusu bat, bikotekidea eta Errenteriako (Gipuzkoa) lagun bat. Bi anaiak aske utzi bazituzten ere, Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten gainerako laurak, ETAko kide izatea leporatuta, eta tortura basatiak egin zizkieten.
Bidasoa ibaian, loturik
Zabalzak 33 urte zituen guardia zibilek atxilotu eta galdeketan hil zutenean. Poliziak, baina, desagertutzat jo zuen, gertatutakoa argitu gabe. Bertsio ofizialaren arabera, gaztea ihes egiten saiatu zen eta Bidasoa ibaira jauzi egin zuen, Lesaka (Nafarroa) ingurura eraman zutenean. Ustez, ETAren "zulo" bat identifikatzeko mugitu zuten.
20 egun beranduago, 1985eko abenduaren 15ean, Bidasoa bidaian bertan azaldu zen orbaizetarraren gorpua: teorian, Guardia Zibilak berak "aurkitu" zuen. Eskuburdinekin loturik zegoen oraindik.
Ikerketek zalantzan jarri zuten Poliziak emandako bertsio ofiziala. Gorpua "ezagutezin" zegoela azaldu zuten, baina hainbat lekukok jakinarazi zutela galdeketa gogor bat egin ziotela Zabalzari guardia zibilek, eta egindako torturen ondorioz galdu zuela bizia.
Gaztearen ama Intxaurrondoko kuartelera joan zenean, semea non ote zeukaten galdetzera, iseka egin eta "galdutako objektuen bulegora" jo zezala erantzun zioten guardia zibilek.
Torturen testigantza
Zabalzarekin batera atxilotutako errenteriarrak, Ion Arretxek, Intxaurrondon jasandako torturen berri eman izan du, Intxaurrondo: la sombra del nogal liburuan besteak beste. 21 urte zituen berak. "Zuzenean mendira eraman ninduten, erreka bazter batera. Ondo aukeratuta zuten lekua. Plastikozko zakuak sartu zizkidaten burutik eta oinetatik, eta ondoren zinta itsasgarriarekin gorputz osoa bildu zidaten, momia baten modura utziz", kontatu zuen.
"Burua uretan sartzen zidaten, galderak egin, berriro sartu itolarria eraginez… Behin baino gehiagotan galdu nuen konortea eta hil nendin desiratzera iritsi nintzen, infernu hura bukatu zedin. Dena oihuak ziren baso hartan, nireak desesperazioak eragindakoak. Tarteka mediku batek azazkalak miatzen zizkidan, horrela zekiten-eta torturatzen segitzerik bazeukaten. Intxaurrondora itzuli ginenean blai eginda nengoen, soinean botaka eta txiza eginda. Arrastaka eraman ninduten gela batera, eta han inkomunikatu", jarraitzen du Arretxek.
Zabalzaren bikotekideak, Idoia Aierbek, poltsa bat buruan zuela ikusi zuen Zabalza kuartelean, eta bere lehengusu Manuel Vizcayk gaztearen oihuak entzun zituen Intxaurrondon.
Arturo Espejo saritu dute berriki
2021ean atera zen argitara telefono-elkarrizketa baten grabazioa, eta Guardia Zibileko kapitain Pedro Gómez Nietok bertan ematen zion ulertzera zerbitzu sekretuetako Alberto Peroteri polizia-indarrek erail zutela Zabalza. Hain zuzen ere, esaten zion bere ustez "eskua joan" zitzaiela gaztea galdekatu eta torturatu zuten guardia zibilei.
Zabalzaren atxiloketan parte hartu zuen, esaterako, Guardia Zibileko Arturo Espejok. Erailketarekin lotura zuzena izan arren, mailaz igo eta teniente jeneral izendatu zuten 2022an. 2023an berretsi zuten igoera Espainiako Kongresuan.