66 urteko historian aurrekaririk ez duen krisi politiko bati aurre egin beharko dio Frantziako V. Errepublikak: Michel Barnier lehen ministro kontserbadoreak bi zentsura-moziotan kargugabetzea saihestu beharko du. Ezkerrak eta eskuin muturrak aurkeztuta, bi mozioek kanporatu nahi dute Barnier gobernutik, ez baitu gehiengo absoluturik.
Gobernuak 2025eko Gizarte Segurantzaren aurrekontuak aldebakartasunez onartu izana kritikatu du oposizioak. Antza, horrek eraman du Marine Le Penen Rassemblement National (RN) ezkerrak aurkeztutako mozioa babestera. Mozioak beharrezko 289 botoak lortzen baditu, V. Errepublikan lehen ministro modura ibilbiderik laburrena egin duen politikaria izango litzateke Barnier, hiru hilabete besterik ez baitira igaro Macronek kargudun izendatu zuenetik.
Barnierrek "erantzukizuna" euren gain har dezatela eskatu die diputatuei, eta bere gobernua erortzeak "ezegonkortasun politikoa eta ekonomikoa larriagotuko" lituzkeela ohartarazi du. Telebistan egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, "mozioa ez da eraso pertsonal bat, Frantziaren finantza-egonkortasunerako erabaki funtsezko bat baizik", jadanik presio bat duena bere gain, arrisku-primaren eta interes-tasen gorakadagatik. Hala ere, Le Penekin izandako tentsioek negoziazioak zaildu dituzte.
Saudi Arabiatik, Emmanuel Macron presidenteak uste du mozioak ez duela aurrera egingo, eta Le Penek ezkerrari emandako babesa "zinikoa" dela esan du. Macronek faxistaren babesa izan zuen Barnier lehen ministro izendatzean: are gehiago, presidenteak Le Penen babesaren truke mugitu zuen gobernu berria muturreko eskuinerantz, hauteskundeak irabazi zituen Nouveau Front Populaire (NFP) koalizio ezkertiarraren hautagaia errefusatuz.
Barnierren gobernua jausten bada, Frantziako Estatua ziurgabetasun garai batean sartuko da, hainbat eszenatoki posiblerekin. Macron ordezkoen bila ari da jadanik: koalizio-gobernu berri bat osatzen saia daiteke, Sébastien Lecornu edo François Bayrou bezalako politikariekin, baina Asanbleako zatiketak zaildu egiten du hori. Era berean, Barnierrek gai arruntak hurrengo urtea hasi arte kudeatzeko aukera ere badago, irtenbide bat bilatzen den bitartean.
1962an izan zen gobernu bat zentsura-mozio baten ondorioz erori zen azken aldia. Horrek erakusten du Frantziako Estatuan izaten ari den une politikoaren larritasuna, Asanblea zatitu batekin eta agintariekiko gero eta mesfidantza handiagoarekin.