AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Metaleko langileen agerraldia, gaur, Bilbon. Argazkia: Ecuador Etxea.
2020/03/11 13:18

Hiru langilek deklaratu behar izan dute gaur Bilboko auzitegietan, Bizkaiko metalgintzako grebaren harira. Ez dira auzipetutako bakarrak. Langileek ohar batean azaldu dutenez, gutxienez hamabost kide daude inputatuta, metalgintzako iazko borrokaren ondorioz. "Ezin dugu ziurtatu gehiago izango ez direnik", azaldu dute beharginek. Horietako batzuen aurka espetxe eskaerak ere egin dituztela ohartarazi dute, eta Mozal Legearen bidez, isunak ezarri dizkietela beste batzuei. Metalgintzako sektorea da Bizkaia langile gehien dituena: 50.000 inguru.

"Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzetik ezkutatuta dagoena grebarako eskubidea kriminalizatzeko nahia dela", esan dute langileek gaurko agerraldian, grebara deitu zuten sindikatuen babesarekin: "Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari hauspoa kendu nahi diote". Hori "erabaki politiko baten ondorioa" dela azaldu dute; hau da, besteak beste, Eusko Jaurlaritza patronalaren alde lerrokatu izanaren ondorio.

"Erabateko inpunitatea"

Adibide gisa jarri dute, ekainean Bilbon egindako manifestazio batean Jaurlaritzak eta Ertzaintzak izandako jarrera. "Zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten". Iazko maiatzean hasita, 10 greba egin zituzten Bizkaiko metalgintzan, eta mobilizazio ugari ere bai. Azaroan, aurreakordio bat lortu zuten, hilabeteetako borrokari esker; besteak beste, soldata igoera lortu zituzten.

“Enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten”, oroitarazi dute langileek, nahiz eta beharginen lan eskubideak, osasuna eta bizitza bera arriskuan jarri: “Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako”. Dena den, metalgintzako kideek ziurtatu dute ez dutela langile borroka gelditzea lortuko.