AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/25 12:31

Aurreko ostegunean aurkeztu zuten Mendialdeko Etxebizitza Taldea (META), sare sozialen bidez. Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan (Nafarroa) jardungo du talde berriak, "etxebizitzaren arazoa orokortua" dela ikusita eta, zentzu horretan, Mendialdea ez dela "oasi bat" ohartarazita. METAk nabarmendu du gizarte kapitalista "dimentsio aunitzeko krisi batean murgilduta" dagoela eta langile-klasea ari dela jasaten "ofentsiba horren ondoriorik latzenak". Langileriaren pobretzea "orokortzen eta bizkortzen" ari delakoan, seinalatu du horren guztiaren isla dela etxebizitzaren esparrua ere.

Etxebizitzaren sektorea "aberastasuna transferitzeko iturri" modura erabiltzen dela salatu du Etxebizitza Taldeak; eta, azaldu duenez, "irabazia eskasa denean, burgesiak eta erdi-mailako klase errentatzaileak krisiaren pisua langileriari transferitzen diote". Modu horretan, krisi-testuinguruan, alokairuaren prezioaren gorakada bat izaten ari dela seinalatu dute METAko kideek: 2013tik 2023ra, "%55etik goiti garestitu" da alokairua.

Mendialdean, gainera, "alokairu-eskaintza eskasa" dela azpimarratu dute. Bestalde, dauden bizitoki-aukeretako asko "espekulaziora, turismora edo bigarren etxebizitzetara bideratzen" direnez, "geroz eta zailagoa da etxebizitzarako sarbidea erosketaren bidez gauzatzea", Etxebizitza Taldearen esanetan. Gauzak horrela, Mendialdean ere "isilpeko" etxegabetzeak izan direla salatu du, eta "hori aldatzen hasteko" unea dela aldarrikatu.

Horri guztiari aurre egiteko sortu dute META, bi helburu nagusirekin. Lehena da etxebizitzaren problematikari "adarretatik heltzea eta etxebizitzaren aldeko borroka instituzio kapitalistetatik kanpo antolatzea". Bigarrena, berriz, "isilpean eman diren etxegabetzeei aurre egiteko tresna" gisa aritzea da, "langile-elkartasuna ehuntzeko eta autodefentsa sozialista hedatzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK