AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2024/08/27 09:11

Sare sozialetan zabalpen handia izan du Melillako kostatik gertu grabatutako bideo batek; Horcas Coloradas hondartzatik hurbil, hain zuzen ere. Bertan ikus daiteke nola eraso zien Guardia Zibilak kostaldera iritsi nahian ari ziren lau pertsona migranteri: txalupa txiki batean zihoazen lau lagunak, eta Poliziaren ontzi batek harrapatu eta aurretik eraman zituen.

Aurreko igandekoak dira irudiak, eta argi eta garbi erakusten dute Guardia Zibila nola saiatu zen kostaldera heldu nahian ari ziren lau pertsona migranteri bidea ixten, modu biolentoan. Poliziak, ontzi baten bidez, hurbiletik jarraitu zion Marokoko uretatik zetorren txalupari: kolpatu egin zuen, eta txalupan zihoan lagunetako bat uretara bota zuen.

Nador hirian kokatzen den Marokoko Giza-Eskubideen Elkarteak (AMDH, gaztelerazko sigletan) ohartarazi du larriak izan daitezkeela Guardia Zibilaren erasoaren ondorioak. Izan ere, aditzera eman du posible dela Poliziak harrapatutako pertsona migratuetako batek bizia galdu izana. Bere familiaren konfirmazioaren zain omen dago elkartea.

AMDHk, sare sozialetan argitaratutako adierazpen batean, Espainiako Estatuko Guardia Zibila seinalatu du erailketaren erantzule gisa. Jakinarazi du Melillako uretan izan zela hilketa, eta posible dela eraildako pertsonaren gorpua Marokora eraman izana, "erantzukizun oro ekidin ahal izateko".

Público atariak gogorarazi duenez, aurreko larunbatean bertan, gutxienez 11 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak Melillan, kostara iristea lortu eta segidan.

Poliziaren eta kostazainen erasoak

Honakoa ez da Poliziak Melilla inguruan egindako erasoak argitara ateratzen diren aurreneko aldia, inondik inora ere. Erasorik larriena eta ezagunena izan zen 2022ko ekaineko sarraskia: Espainiako Estatuko eta Marokoko polizia-indarrak modu bortitzean oldartu ziren Melillako hesia gurutzatu nahian ari ziren ziren ehunka lagunen kontra. Migratu nahian ari ziren pertsona ugari erail zituen Poliziak, nahiz eta kopuruak ez dituzten inoiz erabat zehaztu. Zenbait iturriren arabera, 70 hildako izan zitezkeen.

Gerora hainbat txostenek erakutsi dute Guardia Zibilak, besteak beste, harriak jaurti zizkiela egun horretan hesia igaro nahian ari ziren pertsonei. Dena den, Marokoko Fiskaltzak joan den ekainean artxibatu zituen gertakariak.

Espainiako Estatua eta Maroko bereizten dituen mugatik harago ere, etengabeak dira askotariko polizia-indarrek eta kostazainek pertsona migratuen kontra egindako erasoak. Aurten argitaratu dute, esaterako, Greziako kostazainen esku-hartzeei buruzko ikerketa bat: Britainia Handiko BBC telebista-kateak ikertu ditu haien erasoak. Lan horren arabera, 2020tik 2023ra bitartean, gutxienez 40 lagun erail dituzte kostazainek Greziako uretan, hainbat praktika kriminalen bidez.

EZ DAGO IRUZKINIK