Enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu du MasOrange enpresa-taldeak, 795 langile kalera bidaltzeko; alegia, behargin guztien %10. Enpresa-taldearen sorreran aurkitu du horretarako aitzakia: berriki sortu da Masorange, ordura arte bereizita jarduten zuten Orange eta MasMovil konpainiak batuta. Talde berriak dio orain bikoiztuta dituela lan eta arlo ugari, eta horregatik kaleratuko dituela hainbeste behargin.
Neurri hori ez dator bat, teorian, enpresa-taldeak bere sorreran hitzemandakoarekin. Izan ere, Espainiako Gobernuak duela bost hilabete eman zuen ontzat aipatutako bi konpainiek bat egitea, baina, teorian, baldintza bat jarri zion: horrek langileen lanpostuetan ez eragitea. Talde berriak, baina, denbora gutxi behar izan du baldintza horri uko egiteko, eta ikusteke dago gobernuak zer egingo duen horren aurrean.
MasOrangeko zuzendaritzak, ironikoa ematen badu ere, "borondatezko" kaleratzeak bilatu nahi ditu. Euren lanpostua uzteko prest daudenak kanporatuko omen dituzte, oraindik zehaztu gabe dagoen kalte-ordain baten truke.
Badirudi enplegu-erregulazioko espedienteak zuzenean eragingo duela Euskal Herrian ere, MasOrangek hainbat atal bertan behera utzi nahi baititu; tartean, Euskal Herriko adarra (Euskaltel, 2021ean MasMovilek bere egin zuena) eta Galiziako eta Asturiasko adarra (RCable-Telecable).