AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
UIBk Arte Ederren Fakultatean egindako elkarretaratzea, kostuen doakotasunaren alde. Argazkia: UIB
2020/03/03 08:36

Atzo, martxoak 2, martxoaren 26ko ikasle grebara batuko dela adierazi zuen Unibertsitateko Indar Batasunak, sare sozialen bidez. Hala, tasak merketzea eta bekak hobetzea helburu duen borrokaldiarekin bat egin du, eta hilaren 26an greba egitera dei egin diote unibertsitateko ikasleriari.

Horretaz gain, UIBko kideek jakinarazi dute Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan mobilizazioak egingo dituztela greba aurreko asteetan.

Ikasle greba martxan


Joan den astean egin zuen Ikasle Abertzaleakek egun osoko ikasle grebarako deia, martxoaren 26rako. Unibertsitateko tasak merketzearen eta bekak hobetzearen aldeko deialdiak unibertsitateetan, bigarren mailako hezkuntzan zein lanbide heziketan izango du lekua.

IAk hasieratik azaldu zuen grebaren helburuetako bat zela UIBk beken eta tasen auzian mahaigaineratutako bost aldarrikapenak "indartzea eta gauzatzea".

Borroka Arte Ederretan

UIBk 2019. urtearen amaieran abiatu zuen Unibertsitateko kostuak doan borroka Leioako (Bizkaia) campuseko Arte Ederren Fakultatean, unibertsitateko oinarrizko kostuen doakotasunaren alde. Izan ere, ikasleek salatu zutenez, lehenengo bi ikasturteetan 600 euro inguru gastatzen dituzte eskoletarako behar duten materiala erosten.

Ordutik, ikasleak asteazkenero elkartu dira fakultatean, oinarrizko materialaren doakotasuna aldarrikatzeko. Esaterako, aurreko asteazkenean, aldarrikapenekin bat egin zuten Herri Unibertsitatean parte hartzen ari ziren lagun guztiek ere, eta 14:00etan izan zen mobilizazioa.