AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/12 08:38

Jardun politiko eta sozialerako prest dago jada Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialista. Zenbait hilabetez aritu dira espazioa egokitzeko lanetan Mugimendu Sozialista eta Zumaiako hainbat bizilagun, eta hartu du forma jada: erabilgarri daude areto nagusia eta bi gela.

Aurreko asteburuan izan zen Zentro Sozialistaren jendaurreko aurkezpen-saioa, eta, bertan, Zentro Sozialistak zer diren eta zer funtzio betetzen dituzten azaltzeaz gain, zehazki Etxapen azken hilabeteetan bizitakoak errepasatu eta epe motz nahiz ertainean martxan jarriko dituzten proiektuen berri eman zuten. Aurkezpenean gogorarazi zuten Mugimendu Sozialistaren Urola Kostako "erreferentziazko gunea" izango dela Etxape; elkargune bat, baina baita Mugimendu Sozialistaren "jardueren erakusleihoa" ere.

Bestalde, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortu eta indartuko" dituzte espazioaren bidez, hasieratik esan duten modura. Epe motzean, Autodefentsa Sozialistarako bulego bat irekiko du Zentroan eskualdeko Laneko Autodefentsa Sareak, soldatapeko lanean jasaten diren askotariko arazoei loturiko aholkularitza eta babesa emateko. Epe ertainean, berriz, euskarazko mintzapraktika saioak eskainiko dituzte Etxapen, euskaraz ikasteko askok topatzen dituzten zailtasunak ikusita. Horretaz gain, aurrerago, oinarrizko materialen bilketak egingo dituzte, garaiaren arabera: arropa, eskola materiala...

Hilabete luzetako borroka

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak iazko azaroaren 8an jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu zuela Zumaian, Zentro Sozialista bilakatzeko. Eroski da espazioaren legezko jabea, eta birjabetzearen kontrako salaketa bat aurkeztu zuen; legez kanpoko huste bat egiten ere saiatu zen enpresa, arduradun bat eta sarrailagile bat bidalita azaroaren 9an.

Polizia-indarren jazarpena etengabea izan zen hasieratik, Kontseilu Sozialistak salatu zuenez: birjabetzearen berri emateko prentsaurrekoan Ertzaintza bertaratu eta Etxapeko sarreretako bat itxi zuen, hainbat eta hainbat pertsona identifikatu zituzten Zentro Sozialista inguruan zeudela edo propaganda politikoa egiten ari zirela, lan-egun bat modu bortitzean eten zuten udaltzainek eta ertzainek zentroan hogei lagun baino gehiago zeudela...

Kontseilu Sozialista Eroskirekin harremanetan jartzen saiatu zen Etxaperen irekieraren berri eman bezain pronto, espazioaren erabileraren baldintzak adosteko eta akordio batera heltzen saiatzeko. Exijentzia bat egin zioten: elkarrizketa-prozesu bat irekitzea eta Zentro Sozialista ez husteko bermea ematea. Dena den, Eroskik erantzun argirik ematen ez zuela eta birjabetzearen kontrako salaketa bat aurkeztu zuela ikusita, Elorriora (Bizkaia) joan ziren Kontseilu Sozialistako zenbait kide, Eroskiren egoitza nagusira. Enpresako zuzendaritzaren ordezkaritzarekin hitzordu bat jartzea lortu zuten hala, eta orduan hasi zen negoziaketa.

Hilabete luzetako elkarrizketetan, bi exijentzia nagusi borrokatu zituzten Kontseilu Sozialistako kideek Eroskiren aurrean: batetik, eraikinaren erabilera Kontseilu Sozialistaren esku geratzea eta, bestetik, Eroskik jarritako salaketa kentzea, "hari lotutako kostu errepresiboak" ekiditeko eta "poliziaren presentzia itogarria" amaitzeko. Eta, azkenean, abenduan jakinarazi zuten Eroskik baldintza horiek betetzea lortu zutela. Hala, gainera, salaketa zela-eta martxan zen desalojo-prozesua geratzea lortu zuten.

Zentro Sozialista gehiago inguruan

Etxape ez da azken hilabeteetan Gipuzkoan zabaldu duten Zentro Sozialista bakarra. Martxoaren 22an azaldu zuen Goierriko Kontseilu Sozialistak Zentro Sozialista bat ireki duela Beasainen, eta hurrengo asteburuan aurkeztu zuten jendaurrean. Apirilaren 3an, berriz, Donostiako Kontseilu Sozialistak eman zuen berria: Gipuzkoako hiriburuak ere badu Zentro Sozialista. Espazioa egokitzeko lanetan ari dira une honetan, eta hamaika ekimen antolatu dituzte egun hauetarako.

EZ DAGO IRUZKINIK