AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Manifestazioa Gernikan, joan den abenduan.
2023/02/20 10:20

Aurki beteko da urtebete Errusiako Armada Ukrainan sartu eta gerra lehertu zenetik; eta, horrekin, laster beteko da urtebete Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu eta espetxeratu zutenetik, Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatuta. Poloniako Justiziak berriz aztertu du nabarniztarrari jarritako behin-behineko espetxealdia, eta, aurretik hiru aldiz egin modura, kartzelaldia luzatzea erabaki du. Hortaz, gutxienez maiatzaren 24ra arte mantenduko dute Gonzalez behin-behineko espetxealdian.

Kazetariaren defentsak erabaki horren kontrako helegite bat aurkeztuko du berriz. Hala egin du aurreko hiru aldietan ere, eta kasu guztietan bota dituzte atzera helegiteak. Poloniako Justiziak hiru hilabetero aztertzen du Gonzalezi ezarritako behin-behineko kartzelaldia; beraz, maiatzean berriz jarriko du mahai gainean nabarniztarraren egoera.

Poloniako inteligentzia-zerbitzuek otsailaren 28an atxilotu zuten Gonzalez Poloniako hotel batean. Rzeszów-ko kartzela batean izan zuten lehenengo, eta Radomera tokialdatu zuten iazko apirilean, Varsoviatik 100 kilometrora.

Gonzalezek sarri salatu du zein baldintza gogorretan daukaten preso. Etengabe zelatatzen dute, eta elikadura eskasia ere jasaten du. Ia erabat inkomunikatuta izan zuten iazko azaroaren 22ra arte; hor jaso zuen senide baten aurreneko bisita. Horretaz gain, kontsul baten eta abokatuen bisitak baino ez ditu izan urtebetean.

EZ DAGO IRUZKINIK