AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/17 09:21

Aurtengo Maiatzaren Lehenean Iruñeko (Nafarroa) kaleak hartzera deitu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. Manifestazio bateratu bat egingo dute Langileon Nazioarteko Egunean, 12:00etan, Iruñeko San Frantzisko plazatik abiatuta. Aurtengo lelo nagusia, ondokoa: Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki.

Maiatzaren 1aren harira, adierazpen bateratu bat ere atera dute argitara lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek. "Maiatzaren Lehena langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzeko eguna da", esan dute: "Chicagoko gertaeretatik ia mende eta erdi pasatu den arren, aginte kapitalistak bere horretan dirau eta langileok kapitalisten menpeko izaten jarraitzen dugu".

"Aipamen berezia egin behar diegu klaserik, eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde bizitza eman duten guztiei, haien memoriagatik eta ondoren etorriko direnei bizitza hobea emateagatik egiten baitugu borroka"

"1886tik buelta asko eman ditu historiak, eta garaipenak eta porrotak aldizkatuz joan dira. Langileriaren proposamen politiko osatuena, komunismoa, milioika pertsonentzat ortzimuga izan zen XX. mende osoan zehar", ekarri dute gogora Kontseilu Sozialistek. Hori esanda, "aipamen berezia" egin diete "klaserik, eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde bizitza eman duten guztiei": "Haien memoriagatik eta ondoren etorriko direnei bizitza hobea emateagatik egiten dugu borroka".

"Sozialdemokraziaren erruz Maiatzaren Lehena folklore huts bilakatu da aspaldian, eta jaieguntzat hartzen dute askok borroka eguntzat hartu beharrean", gaitzetsi dute. "Egungo egoeraren balantzea egiten badugu, lan baldintzen okertzea, bizitzaren garestitzea, gerra, eskubide politikoen ezabatzea eta abar luze bat dira ikusten ditugunak. Kapitalismoak bere onenak emanak dituela dirudi, eta garai bateko Ongizate Estatuaren ameskeriak desegin dira", azaldu dute. Dena den, Kontseilu Sozialisten esanetan, "bada oraindik kapitalismoa erreformatu daitekeela sinetsi nahi duenik": "Erdi mailako klasea eta bere alderdiak, sozialdemokrazia, batez ere, horren erakusle dira".

"Kapitalismoak bere onenak emanak dituela dirudi, eta garai bateko Ongizate Estatuaren ameskeriak desegin dira. Hala eta guztiz ere, badaoraindik kapitalismoa erreformatu daitekeela sinetsi nahi duenik"

Horiek guztiek "egungo estatuen ustezko bertuteetan sinesten dute, sozialdemokraziaren kontrolpean egonda kapitalismoari aurre egiteko tresna bihurtuko bailiran", Kontseilu Sozialistek seinalatu dutenez. Ohartarazi dute, ordea, "Estatua kapitalismoaren baitako instituzio bat" dela eta "oligarken mandatuen arabera aritzen" dela. "Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude. Sobera ezaguna da hori jada", nabarmendu dute, hala, Kontseilu Sozialistek.

"Egunak joan eta egunak etorri langileon bizi baldintzak okertzen ari dira, eta bien bitartean, parlamentuko alderdiek promesak eta ilusio faltsuak baino ez dizkigute saltzen. Are gehiago hauteskunde garaian", salatu dute. "Alderdi horien ahoetatik errealitatea bestelakoa dela entzungo dugu, gauzak hobetzen ari direla eta beraien esku dagoen guztia egiten dutela herritarren interesak defendatzeko", iritzi diote Kontseilu Sozialistek: "Kontrara, herritarrenak baino, beraien interes partikularrak defendatzen dituzte; alderdikoak, estatusaren baitakoak, ekonomikoak".

"Eskuinetik ezkerrera, alderdi horietatik batek berak ere ezin die muzin egin oligarkiaren aginduei"

Instituzio publiko burgesak "bankarien eta oligarken maileguetatik bizi direla" gogorarazi dute Kontseilu Sozialistek, eta, horregatik, haiengandik "miseria eta murrizketak baino ezin ditugula espero" uste dute. "Eskuinetik ezkerrera, alderdi horietatik batek berak ere ezin die muzin egin oligarkiaren aginduei", xehatu dute.

"Horren guztiaren aurrean alternatiba sozialista eraikitzea da gure hautua: bankarien eta enpresari handien eraginetik kanpo jardutea, langileon interesak defendatuz eta hori guztia sozialismoaren norabidean kokatuta egitea; eta, militantzian, eskuzabaltasunean eta balore unibertsaletan oinarrituta aritzea", aldarrikatu dute Kontseilu Sozialistek. "Estatu sozialista da langileon ortzimuga, eta hori egunez egun, borroka bakoitzean eta estrategikoki arituta erdietsiko dugu", diote: "Behin betiko kapitalismoarekin eta horrek sortzen duen sufrimendu guztiarekin amai dezagun. Maiatzaren Lehenean Iruñeko kaleetan ikusiko dugu elkar".

"Horren guztiaren aurrean alternatiba sozialista eraikitzea da gure hautua: bankarien eta enpresari handien eraginetik kanpo jardutea, langileon interesak defendatuz eta hori guztia sozialismoaren norabidean kokatuta egitea [...].

EZ DAGO IRUZKINIK