Palestinarekin Elkartasuna plataformak atzo egin zuen agerraldi bat Iruñean (Nafarroa), mobilizazio-deialdi baten berri emateko: Nakba Egunaren 77. urteurrenaren harira, manifestazio nazional bat antolatu du hirian maiatzaren 17rako, Palestinaren askatasunaren alde eta Israelgo Estatu terroristaren kontra. Horri lotuta, sionistekin harreman oro eteteko exijituko dute berriz, eta plataformak dei egin du, datozen asteetan hasita, "Israelen konplize guztiek berekin harremanak eten ditzaten presioa eta boikota indartzera".
"1947ko azaroan, Nazio Batuen Erakundeak palestinarrek inoiz onartu gabeko Zatiketa Plana onartu zuen", ekarri zuten gogora prentsaurrekoan: "1948an, milizia sionisten sarraskien ondoren, Israelgo Estatuaren aldebakarreko sorrera eta britainiar okupatzaileen irteera gertatu ziren. Kanporaketa eta suntsipen prozesu horretan zehar, ehunka milaka palestinarrek euren lurrak atzean utzi behar izan zituzten, itzultzeko esperantzarekin. Nakba izenez ezagutzen da garai hori, hondamendia esan nahi duena arabiar hizkuntzan. 77 urte beranduago, Nakbak darrai".
Su-etenaren itxaropen faltsua
Plataformak salatu du masa-komunikabideek "Israelen krimenak ezkutatu" dituztela azken bi hilabeteetan, eta "bake-giroaren errelatoa sinestarazi" nahi dutela, su-etenaren asteak "itxaropenez" bizitzera bultzatuz. "Martxoaren 18an, ordea, su-etena ofizialki bukatu zen, eta entitate sionista garbiketa etnikoarekin jarraitzeko borondatean berretsi da", ohartarazi du Palestinarekin Elkartasunak: "Egun bakarrean 400 palestinarretik gora erail zituen eta hamarnaka dira handik aurrera eraildakoak. [...] Zisjordanian ere eraso etengabeak izaten ari dira eta bonbardaketek ez dute etenik Libanon, Sirian edo Yemenen".
"Genozidioaren amaiera ez da etorriko Israel indartzea bilatzen duten estatuengandik"
Egoera horretan, plataformako kideek uste dute ezinbestekoa dela "inpotentzia egoeratik atera eta palestinar herriari eta erresistentziari ekarpen erreala eta efektiboa egitea". Azaldu dutenez, "nazioarteko gatazken eta botere-egituren aurrean gure burua hain txiki ikusita, aukerarik azkarrena da konponbidea gobernarien eta nazioarteko instituzioen esku uztea", baina iritzi diote "ibilbide laburra" duela horrek.
"Nork finantzatzen eta armatzen du Israel? Nork finantzatzen du NBE eta Nazioarteko Justizia Epaitegia?", galdegin dute: "Agerikoa da nazioarteko instituzio politikoak eta judizialak Israel finantzatzen duten estatu berdinen kontrolpean daudela, hau da, Mendebaldeko potentzien menpe, eta hortaz, haien interesei erantzungo diete". Beraz, ondorioztatu dute "genozidioaren amaiera" ez dela etorriko "Israel indartzea bilatzen duten estatuengandik eta euren estatuz gaindiko instituzioetatik". Eta gaineratu dute Espainiako eta Frantziako estatuak ez direla "salbuespena", "ezta euskal instituzioak ere".
Sionistekin harreman oro mozteko deia
Horregatik guztiagatik, plataformak aldarrikatu du "beste bide baten alde" egiten duela: "Palestina osoaren deskolonizaziora eta estatu sionistaren desagerpenera bidean, Israelen konplize guztiak konfrontatu behar ditugu, boikota bultzatuz eta entitate kolonialarekin harremanak hausteko presio eginez".
Sionisten konplize gisa seinalatu ditu, adibidez, "Israeli armak erosten dizkioten enpresak eta instituzioak; armaz, trenez eta autobusez hornitzen dutenak; bere irudia garbitzen laguntzen duten instituzioak eta kirol- zein kultur-ekitaldiak; arazoaren erroa desitxuratzen eta erresistentzia kriminalizatzen duten alderdiak eta komunikabideak; palestinarren aldeko erretorikaz Israel indartzen duten gobernuak eta haiek osatu edo babesten dituzten alderdiak". Horiek horrela, plataformatik uste dute "horien guztien aurkako borroka" dela "Israel ahultzeko aukera bakarra".
"Israel eta bere genozidioa hemen ere hasten dira eta hemen jarri behar ditugu bere desagerpenerako baldintzak", xehatu dute: "Borroka hori, eraginkorra izatea nahi badugu, ezin dugu instituzio eta alderdi konplizeen eskutik egin. Borroka horri Mendebaldeko potentziei eta euren interesei men egingo ez dien indar batekin ekin behar diogu, bai Euskal Herrian eta baita gainerako herrietan ere".