BBC-k (Erresuma Batuko hedabide publikoen korporazioa) barne-zuzentarau bat eman du: bere kazetariei "kidnapped" ("bahitua") terminoa erabiltzea debekatu die, AEBetako indarrek Nicolas Maduro bahitu izanari buruz informatzen dutenean. Horren ordez, AEBen bertsio ofizialarekin bat egiten duten hitzak erabiltzera behartu ditu kazetariak, hala nola "captured" ("harrapatua") edo "seized" ("atxilotua").
Owen Jones kazetari britainiarrak argitaratutako gidak erakusten du zein ikuspegi ezarri dieten gai horren inguruan. Hala dio BBC-ren zuzentarauak, hainbat eredu emanez: "Adibidez: AEBek baieztatzen dute operazioan Maduro harrapatu zutela".
Jarraibide editorial horrekin, bat datoz korporazio publiko britainiarraren azalpena eta AEBen kontakizun ofiziala. Narratiba horrek "narkotrafikoaren aurkako borrokan" kokatzen du Venezuelan egindako operazioa, Maduroren bahiketa "harrapaketa legitimotzat" hartuz. Bitartean, saihestu egiten du esku-hartzea lurraldez kanpoko operazio modura edo nazioarteko zuzenbidearen urraketa modura seinalatzen duen hizkera oro. Dena den, hainbat adituk ohartarazi dute jardunean zegoen estatuburu bat bahitu dutela, Venezuelaren subiranotasuna eta nazioarteko zuzenbidea urratuz.
Owen Jonesek salatu du zentsuraren adibide garbi bat dela BBC-ren gida: "Washingtonekin lerrokatzeko, legez kanpoko ekintza bat zuritzen du". Zenbait ahots kritikok, gainera, Mendebaldearen esku-hartzeen inguruko narratibaren eredu argi bat ikusten dute BBC-ren ikuspegian, non termino "gogorrak" Txina edo Errusia bezalako aurkariei buruz hitz egiteko erabiltzen diren, aliatuen ekintzak leuntzen saiatzen diren bitartean.