AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Salto
2025/04/24 08:49

N.M.C.F. izenez identifikatutako Espainiako Poliziako agente bat, Avilako Akademiako 37. promozioaren parte izan zena, Madrilgo mugimendu ekologistan egon da infiltratuta, Nieves López Medina izen faltsuarekin. El Salto komunikabideak jakinarazi duenez, funtzionarioa sei hilabetez aritu zen espioitza-lanetan Fridays For Future eta Rebelión edo Extinción (XR) kolektiboetan. Infiltrazio baten hamabigarren kasu dokumentatua da 2022tik, urte horretan hasi baitziren La Directa eta El Salto bezalako hedabideak Espainiako Estatuko mugimendu sozialetan eta politikoetan izandako infiltrazio polizial sistematikoak argitara ateratzen.

Nievesen lehen agerraldi publikoa 2023ko abenduaren 10ean izan zen, XRren formakuntza-saio batean, Arganzuelako zuhaitz mozketa baten kontrako ekintza baten aurretik. Hurrengo egunean, 30 bat ekintzailerekin batera parte hartu zuen eremuaren okupazioan, eta bera ere handik atera zuten desalojoan. Desobedientzia leporatuta zigortu zuten.

XRko kide baten esanetan, "mugimenduan militatu gabe denbora asko zeraman pertsona baten izen-abizenak ezagutzen zituen" Nievesek, eta horrek susmoak piztu zituen. Eta Fridays For Futuretik igarotzeak ere errezeloak piztu zituen. Izan ere, militante batek hala azaltzen du: "Bere profila ez zetorren bat: 30 urte inguru zituen, motorrean iristen zen eta Carrefour batean ordezkoa zela zioen. Fridaysen gehienak ikasleak gara, baita institutukoak ere, eta inor ez dator motorrean".

Zalantzak baieztatu egin ziren aurrerago, ekintza batean parte hartzeagatik ezarritako isun baten aurkako helegitea aurkeztean, XRri bere NANaren kopia bat eman baitzion Nievesek. Horren bidez, taldeak jaiotza-ziurtagiria eskatu zuen eta jakin zuen emakumea ez zela ageri Murtziako Erregistro Zibilean, nahiz eta NAN faltsuan hori ageri zen bere jaioterri modura.

El Salto-k galdetzean, Espainiako Barne Ministerioak, Fernando Grande Marlaska buru duela, Konstituzioaren 104. artikuluari besterik ez dio erreferentzia egin. Segurtasun-indarren funtzioak arautzen ditu artikulu horrek. Madrilgo komisaria nagusiak, bestalde, ez du adierazpenik egin.

EZ DAGO IRUZKINIK