AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters/El Economista-ren bidez
2025/11/28 07:43

Frantziako presidente Emmanuel Macronek Norvegiako soldadutza-ereduarekiko interesa agertu zuen ekainean Oslora egindako bisitan, TF1 Info telebista-kateak berriki jakinarazi duenez. Eskandinaviako herrialdean, soldaduska derrigorrezkoa da 19 eta 47 urte bitarteko biztanle guztientzat, baina proba fisiko eta psikologikoak egitera eramaten dituztenen artean, %15 eta %20 artean hartzen dituzte gero soldadutzarako. 9.000 pertsona inguru mobilizatzen dituzte urtero, eta prestakuntza-aldiak hamabi eta hemeretzi hilabete artekoak izaten dira.

Norvegiako ereduaren arabera, gazteak "aukeratu" egiten dira, eta, "unibertsala" izan arren, sarbidea "onenentzat gordeta geratzen da, benetan konpromisoa hartu nahi dutenentzat". Aipatutako hedabideak alderatu egin ditu eredu hori eta lehen Frantzian zegoena, soldadutza derrigorrezkoa zenean: "hobetzat" jotzen du Norvegiakoa, lehen Frantzian "belaunaldi oso bat" soldaduskara sartzen zela esanez, filtrorik gabe. Norvegiako sistemaren izaera "selektiboa" da, hain zuzen ere, Macronen interesa piztu omen duen elementuetako bat. 

TF1 Info-k nabarmendu duenez, Norvegiako armadan parte hartzeak "prestigioa" hartu du, propaganda-metodo gisa, figura publiko batzuk sartu baitira bertara. Ingrid Alexandra printzesak, adibidez, duela gutxi bete zuen hamabost hilabeteko soldadutza, eta ohorezko domina bat jaso zuen horregatik joan den apirilean.

Norvegiako Gobernuak asmoa du, hurrengo urteetan, soldadutzara batu direnen kopurua 13.500era igotzeko. TF1 Info-k ez du zehazten Macronen interesak Frantziarako proposamen zehatzak dakartzan zuzenean, baina Oslora egin zuen bidaia, prestakuntza militarra eta gazteen mobilizazioa indartzeko moduei buruzko barne-eztabaida betean izan zen. Duela gutxi, Frantziako Estatu Nagusiko buruak "gure seme-alaben heriotza onartzera" deitu zituen herritarrak, Errusiaren kontrako gerraren barruan.

EZ DAGO IRUZKINIK