AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/09 13:12

Israelgo Estatuak kirol-munduan duen ordezkari nagusia, Maccabi Tel Aviv, aste honetan izan da Gasteizen (Araba), ostegun gauean jokatu baitzuen Baskoniaren aurka. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, manifestazio handi bat izan zen iluntzean Fernando Buesa Arenaraino, Palestinarekin elkartasunez eta Maccabiren presentziaren aurka. Ertzaintzak sekulako dispositibo poliziala ezarri zuen saskibaloi-estadio inguruan, eta sionisten aurpegi zuriketarako partida eta sionistak beraiek babestu zituen. Besteak beste, Fernando Buesara Palestinaren aldeko aldarriak sartzea debekatu zuten poliziek, eta Indar Baskonia taldeak jakinarazi du hainbat zale jazarri zituztela estadioan.

Maccabiren aurkako norgehiagokaren harira jasandako errepresioa salatzeko, Indar Baskoniak agerraldi bat egin zuen atzo, Gasteizen bertan. Buesa Arenan gertatutakoa "adierazpen-askatasunaren aurkako erasotzat" jo zuen taldeak, eta Baskoniako zaleen kontrako "biolentziaren erabilera neurrigabea" gaitzetsi zuen. Gogorarazi zuen Maccabik Euroligan parte hartzea "Israelgo Estatuaren zuriketa eta normalizazioa" dela eta, gainera, talde hori bertaratzeak "salbuespen-egoera" bat sortzen duela Baskoniaren estadioan, "neurriz kanpoko segurtasun-neurriekin" eta Israelgo Estatuko Mossad inteligentzia-zerbitzuen presentziarekin. Indar Baskoniak dio, horregatik guztiagatik, jarrera zehatz bat hartu duela hainbat urtez: "Pabiloi barrutik aktiboki aurka egitea, [...] bai pankartekin eta Palestinaren banderekin, bai palestinar herriaren aldeko eta Maccabiren presentziaren aurkako kantak eginez".

Identifikazioak, miaketak, txartel lapurretak eta zentsura Buesa Arenan

Osteguneko partidaren atarian, Gasteizko harmailara bi pankarta sartzeko eskaera egin zuen Indar Baskoniak: From the river to the sea (Ibaitik itsasora) zioen batek, baina debekatu egin zuen Kirolaren Espainiako Bulegoak, eta Palestina Askatu! zioen besteak. Hori baimendu zuen Ertzaintzak. Ostegunean bertan, norgehiagoka hasi baino lehenago sartu ziren Buesa Arenara Indar Baskoniako zenbait kide, baimendutako pankarta hori aurrez jarri ahal izateko.

Dozenaka ertzain, ordea, haien kontra oldartu ziren: pankarta jartzeko baimenik ez zegoela esanez, denbora luzez atxiki zituzten hiru zaleak. "Pertsona horiek identifikatuak eta miatuak izan ziren eta tratu iraingarria jaso zuten Poliziaren partetik, mehatxuzko tonuan une oro", Indar Baskoniak salatu duenez. Gertatutakoa "adierazteko eskubidearen urraketa argi" bat izan zela uste du.

Bitartean, zaleak pixkanaka estadiora sartzen hasi ziren, eta Ertzaintzak modu arbitrarioan identifikatu zituen beste gutxienez bederatzi pertsona, "inolako arrazoirik gabe, pabiloiko korridoreetan zeudela". Kirolaren Legea ezarri eta isunak jarriko zizkietela esanez egin zieten mehatxu, Indar Baskoniaren esanetan, eta haietako biri eraso egiteaz gain, klubeko txartela kendu zieten bost zaleri, "baliozko justifikaziorik gabe".

Horregatik guztiagatik erabaki zuen zaletuen taldeak, protesta modura, bere harmaila hutsik uztea. Errepresioa salatu eta azalpenak eskatu dizkie erakundeei, eta eskerrak eman dizkie Baskoniako zaleei eta "Gasteizko eta Euskal Herriko eragileei, Israelgo Estatu sionistari erakutsitako gaitzespenarengatik".

EZ DAGO IRUZKINIK