Saskibaloiko Euroliga txapelketaren barruan, Baskoniaren kontra arituko da laster Maccabi Tel Aviv taldea. Israelgo Estatuak "kirol-munduan daukan ordezkari nagusia" otsailaren 7an etorriko da Gasteizera (Araba), Baskoniarekin indarrak neurtzeko, baina eskaera argi bat egin du Palestinarekin Elkartasunak: partida bertan behera gera dadila. "Israelekin harremanak normalizatzeak proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea ematen dio Israeli. Horregatik esaten dugu harremanak erabat eten behar direla, baita kirol-arloan ere", seinalatu du.
Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi du Maccabik sarri jokatu duela Gasteizen, nahiz eta klubeko zuzendaritzak eta jokalariek urteak daramatzaten "Israelgo okupazio-armadaren aldeko publizitate-kanpainetan parte hartzen". Gogoan izan du, hala, Euskal Herrian ere izaten direla "Israelen presentzia normalizatzen duten hainbat ekimen". Adibide modura aipatu ditu Noa abeslari sionistak Bilbon (Bizkaia) emandako kontzertua, Israel Premier Tech txirrindularitza-taldearen parte-hartzea Arabatik igarotako Espainiako Vueltan eta Lizarrako (Nafarroa) GP Indurain lasterketan, eta abar.
Estatu terroristaren irudia garbitzeko saiakera
Israelgo Estatu terroristak argi esan izan du nazioarteko ekimenetan parte hartzea bultzatzen duela, bere "irudia hobetzeko eta kolonizazioarekin lotu dezatela saihesteko", Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez. Kirol- eta kultur-ekimenetan esku hartuta, "estatu kolonialistaren existentzia normalizatzea eta herri palestinarraren aurkako krimenak estaltzea" lortzen dute sionistek, baita nazioartean "harremanak indartzea" ere. Plataformaren esanetan, Mendebaldeko erakundeek ez daukate "benetako interesik Israel ezegonkortzeko", eskualde horretan daukaten "bazkide nagusia" delako eta "Mendebaldeko Asia kontrolatzeko ezinbestekoa" delako.
Mobilizatzeko deia
Palestinarekin Elkartasunak aldarrikatu duenez, Mendebaldeko erakundeek eta bestelako entitateek sionistekin harremanak mozteko, beharrezkoak dira "antolakuntza eta mobilizazioa". Horri lotuta, Maccabik Gasteizen hitzartuta daukan norgehiagoka bertan behera gera dadin mobilizatzera deitu du: "Ezin dugu onartu genozidioa normalizatzen duen ekimenik, ez Euskal Herrian, ez inon". Israelgo Estatuaren "aurpegi garbiketaren" kontra eta Palestinaren askatasunaren alde, otsailaren 7an Gasteizera bertaratzera deitu du.