Hilaren 7an hiru urte beteko dira 2023ko urriaren 7ko altxamendutik, eta data hori gogoan, mobilizazio jendetsua egin zuten atzo Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Jesusen Bihotzetik atera zen manifestazioa eta udaletxe plazan amaitu; han hartu zuten hitza plataformako kideek. "Hiru urte hauetan berriz ere argi geratu da Israelen izaera kriminala. Sionistek are muturrerago eraman dute palestinar herriaren aurkako indarkeria. Politika espantsionista eta garbiketa etnikoa indartzen jarraitu dute. Sionismoak bonbardatzen jarraitzen du, hiltzen, atxilotzen, torturatzen, eta genozidioa telebistan emititu bitartean, nazioarteko komunitatearen pasibotasuna gailendu da", salatu du plataformak.
Hala ere, Palestinarekin Elkartasunako kideek nabarmendu dute Israel nazioartean zilegitasuna galtzen joan dela, eta hori "erresistentziaren irmotasunari zor" zaiola, baita nazioarteko elkartasunari ere. Horrenbestez, aurrerantzean ere erresistentzia babesten jarraitzeko deia egin dute.
Euskal Herrian Israelekin harreman oro eten dadin, aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, "Sidenor, CAF eta genozidekin negozioa egiten duten beste euskal enpresen erantzukizuna salatzen eta gobernu eta alderdien hipokrisia seinalatzen", hain zuzen.
Israelgo hauteskundeei begira ere jarrita dago plataforma, baina nabarmendu dutenez, arazoa ez da agintari bat edo bestea, "arazoaren jatorria ideologia sionista" da. "Guk argi dugu arazoaren jatorria ez dagoela Israelgo gobernu edo alderdi batean edo bestean. Arazoaren jatorria Israelgo proiektua bera da, eta oinarrian duen ideologia sionista zein bere sorburu eta babes diren inperialismo europarra eta estatubatuarra", ohartarazi dute. Horrenbestez, uste dute "irtenbidea ez dela Israelgo hauteskunde-prozesutik etorriko", erresistentziaren eskutik baizik.
Hortaz, "edozein formatan erresistentziarako eskubidea defendatzea" ezinbestekoa dela azpimarratu du Palestinarekin Elkartasunak: "Mendebaldeko herrialdeetan erresistentziari babesa adieraztea dagokigu, eta horrek esan nahi du erresistentziarako eskubidea defendatzea edozein formatan. Izan ere, ez litzateke Palestina existituko, erresistentziari esker ez balitz".