Donostiako (Gipuzkoa) M1 Langileontzat plataformak babesa adierazi dio Gazte Koordinadora Sozialistak Burgesiaren ofentsiba gelditu! izenpean martxan jarritako salaketa kanpaina politikoari. Plataformako kideek argitaratutako adierazpenean, bizi dugun osasun-krisialdiaren aurrean hartu diren neurri politiko eta ekonomikoak salatu dituzte.
Izan ere, plataformaren esanetan, osasuna bermatzea baino, galera ekonomikoak ahalik eta gehien murriztea dute helburu neurri horiek, goi burgesiaren interesak lehenetsiz. Gogoan izan dute orokortuak izan direla babes neurririk gabe lanera joatera derrigortuak izan diren langileen kasuak, kaleratzeak, langabezian geratu arren aurrerago etxebizitzaren alokairua ordaindu beharko dutenen kasuak, eta abar.
Hala, krisialdi honen klase izaera salatzeaz gain, etorkizun hurbil batean eman litekeen mundu mailako krisi ekonomiko baten atarian, burgesiak bere interesak defendatzeko mekanismo berriak probatzeko esparru bilakatu dela era adierazi du M1 Langileontzat plataformak. Mekanismo horien artean aipatu dituzte "kontrol sozialaren areagotzea, desinformazio masiboa, isunen areagotzea eta kaleen militarizazioa", besteak beste.
Kanpaina martxan
Salbuespen egoeraren ezaugarritzea ikusita, jopuntuan dauden langile klasearen askatasun politikoak defendatzeko premia nabarmendu dute plataformako kideek, baita klase modura antolatzeko beharra ere. Hortaz, bat egin dute GKSren dinamika berriarekin, eta egungo salbuespen egoeraren barruan Donostialdean ematen ari diren eraso horiek guztiak azaleratzeko eta salatzeko, kanpaina bat jarriko dute martxan. Horretarako, norbanakoen eta kolektiboen laguntza eskatu dute, testigantzak biltzen hasteko.