AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Uztarria
2024/04/15 10:16

Aurreko larunbaterako, topaketa nazional bat antolatu zuen Lurraren Defentsan Euskal Herria Bizirik sareak, Azpeitian (Gipuzkoa). Egitarau oparo bat lotu zuen egun osorako, hainbat tailerrekin eta mahai-inguru indartsu batekin. Goizetik hasita, agroekologiaz, biodibertsitatearen kausez eta ondorioez, trantsizio energetikoaz eta abarrez aritu ziren tailerretan, Azpeitiko hainbat gunetan banatuta. Eguerdian, berriz, mahai-inguru bat egin zuten zenbait gonbidaturen eskutik; hain justu, Cincovillasen (Aragoi) lurraren defentsan aritzen den plataforma eta Ecoloxistas Galicia Atlantica e Verde plataforma.

Arratsaldean, 18:00etan Azpeitiko plaza nagusitik abiatuta, manifestazio bat izan zen, topaketari lotuta. Lurraren Defentsan Euskal Herria Bizirik zioen pankarta hartuta, herriko kaleak zeharkatu zituzten Euskal Herri osotik bertaratutako 2.000 lagun inguruk. Lurraren defentsan eta makroproiektu suntsitzaileen kontra mobilizatu ziren, urtarrilean aurkeztutako Euskal Herria Bizirik sarearen deialdiarekin bat eginez.

Antolatzaileek manifestazio deialdia zabaltzean azaldu zutenez, hiru salaketa zituen oinarritzat mobilizazioak: jopuntuan jarri nahi zituzten "instituzioak larrialdi ekologikoaren aurrean hartzen ari diren neurriak", "larrialdi ekologikoaren aurrean" izaten ari den "natura-baliabideen suntsiketa sistematikoa", eta "eredu ekonomikoaren ondorioz bizi dugun hondamendi ekologiko eta soziala".

Indarrak batuta jendetza atera zen kalera, hala, larunbat arratsaldean. Horren erakusle izan ziren Azpeitia hartu zuten aldarri eta lelo ezberdinak, manifestazioko karteletan eta pankartetan ikusi ahal izan zirenak; besteak beste, "Mendietan ez", "Euskal Herria ez dago salgai", "Mendiak ez daude salgai", "AHTrik ez", "Makroelikorik ez", eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK