AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Heraldo de Aragón
2023/03/31 10:28

Aurreko asteburuan mobilizazio handi bat izan zen Sainte-Soline herrian, han egin nahi duten urtegi erraldoiaren proiektuaren kontra. Hainbat hedabideren arabera, 30.000 pertsona inguru bildu ziren proiektu suntsitzailearen aurka protesta egiteko, eta milaka polizia-agente ere bertaratu ziren mobilizazioari aurre egiteko. Ehunka lagun zauritu zituzten poliziek, horietako 40 larriki; koman jarraitzen dute bi lagunek. Gero, gainera, zaurituak artatzen ari ziren ospitalera bertaratu ziren polizia-agenteak, haien arropa paketeak hartu eta miatzeko.

Protesta ez zegoela "baimenduta" esanez justifikatu zuen oldarraldia poliziak, eta miaketetan "objektu arriskutsuak" atzeman zituela ere esan zuen. Frantziako Gobernuak, gerora, Lurraren Altxamenduak deituriko mugimendu ekologista seinalatu du protesta horren erantzule modura. Enpresa pribatuei eta polizia-indarrei eraso egitea leporatu die, bai eta "matxinadara" deitzea ere.

Iazko urrian, jada, urtegia eraikitzeko proiektuaren aurkakotza "ekoterroristatzat" jo zuen Barne ministro Gérard Darmaninek, baina harago joan nahi du orain: aste honetan jakinarazi duenez, gobernuak Lurraren Altxamenduak "desegiteko" eta legez kanpo uzteko bideari helduko dio; edo hala proposatuko dio, behintzat, Ministroen Kontseiluari. "Lurraren Altxamenduen desegitea hastea erabaki dut", esan zuen Darmaninek Frantziako Asanblea Nazionalean, Sainte-Solineko gertakarien inguruan hitz egitean.

Lurraren Altxamenduek jakinarazi dutenez, dena den, talde ugariren bateratze edo koalizio bat da, eta ez dago elkarte modura antolatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK