Hiru hilabete egin ditu geldirik Lozy's Pharmaceuticals enpresaren Lekarozko (Nafarroa) fabrikak. Izan ere, langileek otsailaren 20an ekin zioten grebari eta, hiru hilabeteren ondoren, eutsi egiten diete lanuzteei. Lan-baldintzak hobetzeko hitzarmena exijitzen dute plantillako 78 beharginek eta, zehazki, Kontsumoko Prezioen Indizean (KPI) oinarritutako soldata-igoera, egutegia adosteko aukera eta lanaldia murriztea eskatzen dute. Hori ez ezik, salatu dute Aldi Baterako Lanerako Enpresak (ETT, gaztelerazko sigletan) eta jarraitutasunik gabeko kontratu finkoak baliatzen dituela Lozy'sek.
Espainiako Estatu mailako kimikoen sektoreko hitzarmena aplikatzen zaie Lekarozko langileei, baina, haiek seinalatu dutenez, hori ez da plantillaren beharretara egokitzen. Hilabete oso batez greba egin ondoren langileekin "kontaktuan jartzen hasi zen" zuzendaritza, baina negoziazio-mahaiko bi aldeen "posturak" oso "ezberdinak" direla diote beharginek.
Enpresak negoziazioari uko egin dio orain, eta argi utzi du bere asmoa: langileek zuzendaritzak proposatutako baldintzei uko eginez gero, lantokia lekualdatuko dute. Kaleratze-mehatxuaren aurrean, grebari eusteko beharra berretsi dute langileek, zuzendaritzaren proposamenak jasotzen dituen "puntuak" kaltegarriak direla argudiatuz. Greba "luzea" eta "gogorra" izaten ari dela adierazi dute, baina langileen batasuna aldarrikatu eta "indartsu" daudela nabarmendu dute.
Lanuzteak Hego Euskal Herrian
Zangozako (Nafarroa) Productos Kol enpresako langileak ere lanuzteak egiten hasi dira aste honetan, lan-hitzarmen berri baten alde. Hurrengo lau asteetan bi orduko lanuzteak egingo dituzte, soldata-igoerak eskatzeko. Azaldu dutenez, inguruko enpresen artean, "egun gehien lan egin baina ordainsari txikiena" duten langileak dira. Productos Kolek 6 milioi euroko irabaziak pilatu zituen 2019. eta 2022. urteen artean.
Bizkaiko Correoseko beharginek ere lanuzteei ekingo diete. Lau greba egunetara deitu dute datozen asteetarako, maiatzaren 31rako eta ekainaren 3rako, 4rako eta 5erako. Langileek salatu dutenez, banaketa-unitateak "kaosa" dira gaur egin, eta lana pilatzen ari da. Arrazoitu dutenez, Europako hauteskundeen atarian "hauteskunde-propaganda banatzeko beharrezko langileak kontratatu diren arren", gutunak ez dira etxeetara iristen. Langile-plantilla "ezarritakoa baino txikiagoa" da; eta, ondorioz, 38.000 jakinarazpen pilatu dira jada.