AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Deia
2019/07/09 20:01

Loiuko (Bizkaia) aireportuko AENA enpresako langileek ekainean iragarri zuten hemezortzi greba egun antolatu zituztela uztailerako, abuzturako eta irailerako. Hala, uztailaren 1ean izan zen lehen lanuztea, eta bertan behera geratu ziren hogei hegaldi baino gehiago. 169 behargin zeuden grebara deituta, eta greba batzordearen arabera, guztiek egin zuten bat deialdiarekin.

Pasa den astearen amaieran, negoziazioekin hasi ziren aireportuko langile batzordea eta zuzendaritza. Sindikatuek horregatik utzi zuten bertan behera iragan iganderako greba deialdia. Dena den, langile batzordeko bozeramaileak azaldu du "eremu batzuetan hobekuntzak eskaini dituela zuzendaritzak, baina ez guztietan". "Hori ez da nahikoa", gaineratu du.

Igandea jomuga

Negoziazioetan adostasunik lortzen ez badute, datorren igandean izango da beharginen hurrengo lanuztea. Aste honetan asanblada bidez erabakiko dute mobilizazioekin jarraitu edo ez; baina dirudienez, zuzendaritzak ez dituenez langile batzordearen eskaera guztiak bere gain hartu, aurrera egingo dute greba deialdiek.

Bihar, asteazkena, Loiuko zuzendaritzako kideekin eta AENA enpresako arduradunekin batuko dira sindikatuetako ordezkariak. Baliteke bilerak ostegunera eta ostiralera arte luzatzea. Langile batzordeko bozeramailearen hitzetan, "zuzendaritzaren azkeneko proposamena esku artean" dutenean, langile guztiei aurkeztuko diete, zein bideri heldu erabakitzeko.

Hiru urte atzera

Zuzeneko 169 langile dira Loiun, eta guztiak daude AENAren kontratupean. Besteak beste, mantentze lanetako beharginak, suhiltzaileak edota bezeroen arretan aritzen direnak dira. 2016. urtean hasi ziren zuzendaritzarekin biltzen eta hainbat eskaera egiten, baina oraindik akordiorik lortu ez dutenez, ekainean grebara deitu zuten ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek.

Langile kopurua handitzea da beren aldarrikapen nagusia, "lan karga arintzeko". Hala, bezeroen arretarako langile eta suhiltzaile gehiago hartzea eskatzen dute. Bestalde, familia eta enplegua uztartu ahal izateko neurriak ere galdatu dituzte.