AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/17 17:57

Logela baten alokairuaren prezioak %55 egin du gora Espainako Estatuan azken hamarkadan, pisos.com atariak argitaratu dituen datuen arabera. 2014an, hilean 272 euroko batez besteko kostua zuen logela baten alokairuak. Aurten, aldiz, 423 euroko kostua du. Iazko datuekin alderatuz, ia %2 igo da logela baten prezioa.

Kostu hori, ordea, altuagoa da hiri handietan. Bartzelona da garestiena, logela bat alokatzeak hilean 623 euroko kostua baitu maizterrarentzat. Baina Donostia (Gipuzkoa) ez dago oso urrun: Gipuzkoako hiriburuan, logela batek 546 euroko kostua du hilean, batez beste. Madril (538 euro), Palma (514 euro) eta Girona (474 euro) dira hurrengoak.

Hiririk merkeenak, berriz, Ciudad Real (189 euro), Huelva (211 euro), Palentzia (235 euro), Soria (248 euro) eta, azkenik, Ávila (249 euro) dira. 

Logelen alokairua hiri handietan pilatzen da

Eskariaren banaketari dagokionez, estatuko hamar probintziak biltzen dituzte logeletako maizterren %74,88: Madrilek %22,6, Bartzelonak %22,2, Sevillak %6,95, Valentziak %5,23, Malagak %4,55, Granadak %3,7, Balearrek %2,7, Bizkaiak %2,4, Las Palmasek %2,3 eta A Coruñak %2,3.

Logelen alokairuaren eskaintzak ere antzeko joera erakusten du, eta Madril eta Bartzelona nagusitzen dira: %18,9 Madrilen, %17,6 Bartzelonan, %6,4 Sevillan, %4,4 Valentzian, %3,5 Malagan, %3,45 Granadan, %1,9 Las Palmasen, %1,74 Palman, %1,69 Bilbon eta %1,4 Murtzian. Osotara, alokairu partekatuaren eskaintzaren %61 osatzen dute hiriek.

Gazteak dira batez ere etxebizitza partekatzen dutenak

Etxebizitza partekatzen dutenak gazteak dira nagusiki, aipatutako txostenak islatzen duenez. Alokairua partekatzen dutenen %50,79 dira 18 eta 25 urte arteko gazteak, eta 26 eta 35 urte artekoak guztizkoaren %29,38 dira. Beraz, %80,2k dituzte 35 urte baino gutxiago. Hala ere, Balearrak salbuespena dira, etxebizitza partekatzen dutenen artean 25 eta 35 urte artekoak nagusitzen dira-eta.

Bizkaian hazi egin da etxebizitza partekatzen duten 36 eta 45 urte arteko pertsonen kopurua, eta Espainiako Estatuko ratiorik altuena du. Egoera horretan dauden maizterren %18,1 dira 36 eta 45 urte artekoak. Hori ez ezik, hurrengo adin-tartean ere Bizkaia nabarmentzen da, etxe partekatuetako maizterren %8,2k baitituzte 46 eta 60 urte artean. 60 urte baino gehiagoko pertsonen tartean ere, Bizkaia da rankingeko lehena (maizterren %2).

Etxebizitzen alokairuaren prezioa %10 igo da azken urtean

2023ko abuztuaren amaieran iaz baino %9,8 garestiagoa zen alokairua Espainiako Estatuan, Idealista atariaren arabera. Urtetik urtera, hiriburuetan izan da nabarmenena prezioen gorakada: Palman %17,8 igo zen alokairuaren prezioa 2023tik 2024ra, eta Valentzia (+%16,5), Madril (+%14,3) eta Ávila (+%13,3) dira hurrengoak.

Bartzelona da alokairurik garestiena duen hiria. Espainiako Estatuko m2 bakoitzaren prezioa 13,1 eurokoa da, batez beste, baina Bartzelonako batez bestekoa 21,6 euroan dago. Bartzelonaren atzetik aurkitzen dira Madril (18,2 euro/m2) eta Donostia (18,1 euro/m2).

EZ DAGO IRUZKINIK