Hartzekodunen konkurtsora eramango dute Lodosako (Nafarroa) Karey Solano enpresa: lantegia ixteko asmoa du zuzendaritzak, plantillako 36 langileak kalean utziz. Zuzendaritzak ekainaren 25ean aurkeztu zuen hartzekodunen borondatezko konkurtsoari ekiteko prozedura, baina irailera arte ez zuten jakin beharginek, CCOOk salatu duenez. Hori dela-eta, informazioa ezkutatzea leporatu dio enpresari. Gainera, plantillak berandu kobratu zuen uztaileko nomina, eta oraindik ez du abuztukoa jaso.
Oinetakoen gomazko zolak ekoizten dituzte fabrikan, eta 1967tik dago martxan. Gaur egun, 50 urtetik gorakoa da langileen batez besteko adina, eta emakumeak dira gehienak. Berria-k jaso duenez, joan den apirilean, Karey Solano zatitu eta bigarren konpainia bat sortu zuen zuzendaritzak, Ebro Activo. Lodosako fabrikan mantendu zuen ekoizpena, baina ondarea Ebro Activora aldatu zuen.
CCOOk seinalatu du enpresaren "maniobra" bat izan zela hura, orain Lodosako lantegia zarratzean, langileei kalte-ordainak ez eman behar izateko. Horiek horrela, uste du zuzendaritzak, Fogasa funts publikoaren bidez, "minimo legalera" murriztu nahi dituela ordaindu beharreko kalte-ordainak. "Zuzendaritzaren benetako asmoa enpresa likidatzea zen, langileak kalean eta kobratu gabe utzita", dio.
Berria-ren esanetan, CCOOk jakinarazi du 2023-2024 aldian "irabazi handiak" izan zituela konpainiak baina stock handiegia metatu zuela, eta horregatik murriztu behar izan dutela ekoizpena gerora. Horrez gain, enpresa-zuzendaritzak zor handiak pilatu omen ditu azken urteetan.