Azkenaldiko "presentzia polizial izugarriaren" ondorioz jasandako hiru kasuren berri eman du Lizarraldeko (Nafarroa) GKSk. Haren arabera, "gazteria kriminalizatu eta Estatuaren neurriekiko subordinazio itsuan heztea" dute helburu halako jazarpen kasuek, "beldurrean oinarrituta". Izan ere, "burgesiaren interesetatik kanpo kokatzen den sektorearen jardun politikoa" blokeatzen ari direla salatu dute, besteak beste, kontrolaren, beldurraren eta isunen bidez.
Kideetako batek salatutako kasu batean, "gezurretan oinarritutako" 601 euroko isun bati helegitea jarri arren, errekurtsoa udaltzainek beraiek baztertu zutela azaldu du Lizarraldeko GKSk, "inolako argumenturik edo frogarik eman gabe". Beste kide bat, berriz, epaiketara joatearekin mehatxatu zuten udaltzainek, eta "egin ez zituen ekintza batzuen kostu ekonomikoa asumiarazi" zioten, poliziek beraiek onartu arren zerikusirik ez zuela. Azkenik, kalean pankartekin zihoan militante bati, isuna ezartzeaz gain, pankartak lapurtu eta jipoitzearekin mehatxu egin zioten, eta 200 euroko beste isun bat jarri zioten "autoritarenganako errespetu faltagatik".
"Askatasunen desagerpen progresiboa"
Aipatutakoez gain, isun gehiago ere jaso dituztela gaitzetsi du Lizarraldeko GKSk: "Eta ez gara bakarrak. Isunak jasotako beste eragileei ere gure elkartasuna adierazi eta kasu horiek salatzera animatzen ditugu". Izan ere, halako erasoak salatu eta geratzeko mekanismoak garatu ezean, "askatasun politiko eta zibilen desagerpen progresiboa" bizitzeko arriskuan direla ohartarazi dute.