AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Sugarra gaztetxea
2021/06/28 11:28

Lizarrako Gazte Asanbladak 2018ko ekainean birjabetu zuen erietxea izandako eraikin bat Lizarran (Nafarroa). Gazte asanbladaren arabera, okupazioa gauzatu eta bat-batean, eraikin horretan alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko "borondatea" agertu zuten Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa promotoreak. Espazioa husteko asmoz, beraz, une horretan gaztetxeko partaide ez ziren hiru pertsonaren aurkako prozesu judizial bat abiatu zuen Nafarroako Gobernuak.


Dena den, prozedura judiziala eten egin zen eta negoziaziorako mahai bat osatu zuten Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsak, Lizarrako Udalak eta Sugarra gaztetxeak. Mahai horretan ondoko baldintzak adostu zituzten duela hiru urte:


  • Gazte asanbladako kideek ospitale zaharrean okupatutako hamalau etxebizitza uztea, "alokairu sozialerako eta larrialdi egoeretarako" proiektua gauzatu zezaten Nafarroako Gobernuak eta promotoreak.
  • Gizarte Zerbitzuek erabiltzen zituzten bulegoak (Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak) lekualdatzea eta hutsik geratuko zen espazio hori gaztetxeko kideei uztea.

  • Udalak Capilla modura ezaguna den espazioa (udalaren jabetzakoa) gaztetxeko kideei uztea.

  • Capilla eta Gizarte Zerbitzuen bulegoak lotzeko ate bat eraikitzea.


Hiru urte eta lagapenik ez

Gazte asanbladako kideen esanetan, berehala bete zuten haiei zegokien puntua. "Asanbladaren borroken ondorioz konkistatutako" eta okupatutako etxebizitzak utzi zituzten, eta azaldu dutenez, ordutik "izugarri baldintzatuta" egon da haien jarduna "espazio falta dela-eta". 2019an ekin zioten udalarekin lagapen-akordioa (bulegoena eta Capillarena) lantzeari. Udal gobernuaren aldaketa batzuk tarteko, ordea, geldirik egon ziren elkarrizketak iazko martxora arte (EH Bildu dago udal gobernuan gaur egun, baita elkarrizketak hastean ere).


"[Akordioa lortu eta] hiru urte beranduago, Sugarra gaztetxeak hitzarmenik gabe eta bulegoen espaziorik gabe jarraitzen du", salatu dute asanbladako kideek. Azpimarratu dute, gainera, Gizarte Zerbitzuak berehala mugitu zituztela beste leku batera eta bulego zaharrak hutsik daudela iazko abuztutik, "gaztetxeak espazio hori erabiltzeko beharra" izan arren. Bestalde, gazte asanbladak azaldu du alokairu sozialerako etxebizitzak egokitu dituztela erietxe zaharrean baina ez, aldiz, Capilla eta bulegoak lotzeko atea, haiek eskatu modura.


"Prozesua hasi zenetik, gaztetxearen erregularizazioaren aldeko apustua egin dugu", diote gazte asanbladako kideek. Haien esanetan, "agerian geratu" dira instituzioen "logikatik kanpo dauden proiektuei jartzen dizkieten oztopoak", bitartean "instituzioek haien proiektuak aurrera eramaten" baitituzte "arazorik gabe". Hori dela eta, "jardun politikoa egiteko berme falta" salatu eta beharrezkotzat jo dute "auto-antolakuntzaren bidea", baita "Sugarra gaztetxea bezalako proiektuen defentsa" aldarrikatu ere.


Manifestazioa uztailaren 9an


Dena den, "akordioa bete dadin" ere borroka egingo duela jakinarazi du gazte asanbladak. Capilla nahiz Gizarte Zerbitzuen bulego zaharrak "erregularizatzea" lortzea da asmoa, baita bi espazioak lotzeko obra gauzatzea ere. Asanbladako kideek mobilizaziora deitu dute Lizarran uztailaren 9rako, Akordioa bete, Sugarra hedatu! lelopean. Udaletxe aurretik irtengo da mobilizazioa, 19:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK