Asteburu honetan hasiko dira Lizarrako (Nafarroa) festak. Dena den, aurten ere txosnagunea arriskuan jarri du UPN buru duen udal-gobernuak, debekua jarri baitie txosnei: iaz egin bezala, txosnak ohiko lekuan (autobus-geltokiko parkingean) jartzea eragotzi du. Debeku hori eta udalaren jarrera autoritarioa salatzeko, elkarretaratze bat izan zen aurreko astean: Udalaren autoritarismoaren aurrean txoznak defendatu. Irtenbidea orain lelopean mobilizatu ziren ehunka pertsona hilaren 23an, Lizarrako udaletxearen parean, Festagirok deituta.
"UPNk berriro ere galarazi du txosnak normaltasunez egin ahal izatea. Gure jaiak bete ezin den hutsune batekin utzi nahi dituzte. Baina etsipenean erori eta burua makurtu ordez, berriz ere erakusten dugu herriaren zati handi bat ez dagoela jarrera autoritario hori onartzeko prest", salatu zuten txosnen antolatzaileek elkarretaratzean. Azaldu zuten, hala, "dena prest" daukatela, "UPNk bere jarrera aldatuko balu, txosnak egiteko eta normaltasuna berreskuratzeko".
Lizarrako txosnen defentsan
Festagirok gogorarazi zuen txosnak "eredu alternatibo bat" direla "instituzioek euren gobernu-taldeekin ordezkatzen dutenaren aurrean"; alegia, "herriaren borondatearen gainetik erabakiak hartzen dituztenak, Poliziaren bidez indarra erabiltzen dutenak [...], haien autoritarismoa babesten duen eta ezarririk dagoen boterearen aurka protestatzen dutenak jazartzen dituen sistema judizialaz baliatzen direnak, eta onura enpresariala lehenesten dutenak, ongizate amankomunaren, elkartasunaren eta herri-borondatearen gainetik".
Horiek horrela, txosnek duten "herri-babesa" nabarmendu zuen: "Txosnak herrian lortzen ari diren errotzea historikoa da, eta oinarri da etorkizunean indar handiagoz berreskuratzeko. Gure herriko kaleetan, jendearen arteko elkarrizketetan, sare sozialetan... txosnen aldeko babesa geldiezina da". Festagirok, beraz, esan zuen "lehen lerroan jarraituko" duela "txosnak defendatzen": "Jende guztia animatzen dugu bide honetan laguntzeko".