AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/23 18:36

Inauterietan murgildu dira Lizarran (Nafarroa), eta, ospakizun bete-betean, jaien antolaketari udalak (UPN) jarritako trabak salatu ditu Festagiro batzordeak. Atzo egin zuten agerraldi bat Inauteriak prestatzen lan egin duten kideek, "Inauteriak antolatzeko udalarekin izan dugun harremanaren berri emateko". Jasandako oztopoen artean, festetarako espazioak lortzeko ezintasuna azpimarratu du Festagirok, "onartu ezin ditugun eskakizun ekonomikoengatik eta baldintzengatik".

"Gure lehentasunetako bat herritarrek segurtasunez gozatzea da", xehatu zuen agerraldian. Udalak batzordeari esan zion "prebentzio-plan bat aurkeztu behar zela Inauterietako bazkaria eta sua egin ahal izateko", eta horretan jardun ondoren, Inauteriak hasteko astebete falta zenean, Festagiroko kideak konturatu ziren bi hilabete lehenago udalean aurkeztu zituzten instantzien ebazpena ez zetorrela bat udalarekin ahoz adostutakoarekin. Besteak beste, hainbat espazio erabili ahal izateko dirutza eskatzen die udalak, Inauteriak antolatzeko dirulaguntzaren zati handi bat hartuko lukeena. Hori dela-eta, kostua euren gain ezin hartuta, jaietako bazkaria egiteko toki alternatibo bat bilatu behar izan dute batzordeko kideek. Espazio faltaz gain, jakinarazi dute udalak ez dituela beharrezko azpiegiturak eta materialak bermatzen.

Hori gutxi balitz, Festagirok prentsaurrekoan azaldu zuen udalak mehatxu egin diola isunak jartzearekin, eta hartu-emana trabaz betetakoa izan dela denbora luzez. "Udaleko teknikariekin hamar bileratan baino gehiagotan parte hartu dugu, zinegotzien erantzunik jaso gabe eta azken orduko baldintza berriekin", seinalatu zuen: "Oztopoak jartzea, eskakizun berriak egitea, azken momentuko erantzunekin jolastea, arreta jaso nahi ez izatearen sentsazioa eta espazioen erabileraren kostua handitzea kolektiboak itotzeko moduak dira".

"Ezin dugu onartu gu guztiok onuradun garen baliabideak udalaren buru dagoen alderdi politikoaren menpe egotea. Herriaren baliabideak eta zerbitzuak ez dituzte interes alderdikoiek baldintzatu behar", esan zuten agerraldian: "Funtsezkoa da baliabide horiek kolektibo guztientzat irisgarriak izatea, eta botere-tresna gisa ez erabiltzea". Funtsezkotzat jo zuten, hala, "kolektiboek modu autonomoan funtzionatzeko ahalmena" izatea, eta dei argi bat egin zieten Lizarrako herritarrei; Inauterietara bertaratzeko, "txanda egiteko, antolakuntzan parte hartzeko eta Inauteriez gozatzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK