AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Sugarra gaztetxea
2021/07/23 10:31

Lizarrako (Nafarroa) Sugarra gaztetxeak jakinarazi duenez, aste honetan bildu da Nafarroako Gobernuarekin, eta "baikorra" da bileraren balorazioa. Gaztetxeko kideek uste dute "aurrerapausoak" eman direla; izan ere, Nafarroako Gobernuak "hitzarmena lehenbailehen ixteko borondatea erakutsi" zuen eta "prozesua bukatzeko epe batzuk zehaztu" ziren.

Bestalde, Lizarrako Udalarekin izandako negoziazioei dagokienez, sinatzear dago Capilla modura ezaguna den espazioaren lagapena ziurtatuko duen hitzarmena. Udalbatzaren onespena beharrezkoa da horretarako. Hala ere, "erne" daudela eta prozesua "gertutik jarraituko" dutela ziurtatu dute Sugarrako kideek.

Presioa

Sugarraren esanetan, azken hilabetean egindako "presioa" garrantzitsua izan da duela hiru urte adostutako baldintza guztiak bete daitezen, eta aurten egindako kanpainak "tramitazio burokratikoak azkartu" dituela nabarmendu du. Uztailaren 9an manifestazio bat izan zen Lizarrako kaleetan, Akordioa bete, Sugarra hedatu lelopean; ehunka lagun batu ziren.

Kanpaina hori babestu duten guztiei eman dizkie eskerrak gaztetxeak, eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak egindako lana ere azpimarratu du. Gaztetxeko kideen arabera, "borroka egiten ez badugu eta antolakuntza erangikorrik gabe, gure espazioak babesgabe daude".

EZ DAGO IRUZKINIK