AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Lizarran Patxi Ruizekin elkartasunean egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Sugarra Gaztetxea)
2020/06/01 10:58

Patxi Ruiz euskal preso politikoaren aldeko Iruñeko (Nafarroa) mobilizaziora joateko “kotxe kedada” bat antolatu zuten Lizarran. Pikutarak sare sozialetan zabaldutako oharraren arabera, hitzordua jarritako tokian Guardia Zibilaren auto bat zuten zain. Auto horrek autobideraino jarraitu zituen; eta ondoren, mobilizaziora bidean ziren hiru autoak autobidean zegoen “kontrol antiterrorista" batean geldiarazi zituen.

Behin kontrolean, "gazteak ikaratzeko eta kikiltzeko antzerkia burutu zuen Guardia Zibilak", mugimendu antirepresiboaren hitzetan. Besteak beste, "etengabe iraindu eta mehatxatu zituzten", baita Patxi Ruizen aurkako hainbat adierazpen egin ere. 50 minutuz izan zituzten gazteak “hilara batean” eta “eguzkipean”. Jazarpena ez zen hor amaitu, Guardia Zibilek gazteen bizkarrera “fusil-soinuak” egiten jardun zuten. Mehatxuak eta irainak “etengabeak” izan ziren, eta gazteen intimitatearen aurka ere egin zuten. Hain zuzen ere, gazte horietako bat "taldetik banandu" eta hainbat galdera egin zizkioten. “Gazte guztiak arakatu eta autoak miatu zituzten gazteak aurrean egon gabe”. Horrez gain, gazteetako hainbaten mugikorrak “manipulatu egin zituzten”.

Presentzia polizial itogarria

Larunbatekoa ez da azken asteotan Lizarrako herritarrek salatu duten jazarpen polizial kasu bakarra. Hain zuzen ere, Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko deitu zuten elkarretaratzea ere debekatu egin zuten: “ustezko osasun neurrietan oinarrituz, ostegunean Lizarran egitekoa zen elkarretaratzea debekatu zuten”. Aurreko ekimenetan ere “presentzia polizial itogarria” izan dela ohartarazi du mugimendu antierrepresiboak: “kalez jantzitako poliziak egon dira kalean; kotxe karabanetako autoen matrikulak hartu dituzte; elkarretaratzeetan baimenik gabe argazkiak eta bideoak atera dituzte...” Espainiar estatuak “osasun krisialdia” “askatasun politikoak etengabe urratzeko” erabili duela salatu du Pikutarak, “krisi ekonomikoaren testuinguruan errepresio neurriak gogortu egingo dituzte”, ohartari dute.

Eraso horien guztien aurrean, herritarrak “halako kasuak salatu eta ezagutaraztera” gonbidatu ditu mugimendu antierrepresiboak. “Indar errepresiboen kanporaketa eta disolbatzea aldarrikatu eta elkartasun tresna efektiboak antolatzeko deia” egitearekin batera.


EZ DAGO IRUZKINIK