Aurten hautsak harrotu dira Lizarran (Nafarroa), Jai Txikietan jartzen diren Txosna Txikiak direla-eta. Festagiro da Jai Txikiko txosnei lotutako egitaraua antolatzen duen kolektiboa, eta azkeneko egunetan, Lizarrako EH Bilduk —udal gobernuan dago— izan duen jarrera salatu du. Aurreko ostiralean egin zuen prentsaurreko bat Festagirok, gertatutakoaren berri emateko.
2014an, UPN agintaldian zegoenean, Txosna Txikiei debekua ezarri zien Lizarrako Udalak. 2016an, ordea, udal gobernua EH Bilduren esku zela, Txosna Txikiak berriz ere martxan jarri zituzten, eta festetarako ordutegi bat adostu zuten Festagirok eta EH Bilduk. Ordutik, hainbat urtez jarri dituzte Txosna Txikiak espazio berean; Lizarrako lehengo pilotaleku inguruan. Aurten ere eskaera bat egin zion udalari Festagirok, ohiko lekuan txosnagune bat antolatu ahal izateko maiatzaren 20rako eta 21erako.
Oztopoak
Antolatzaileen ustez, espazio hori "azpiegitura aldetik zein jai-giroarekiko duen gertutasunagatik" egokiena da Txosna Txikiak jartzeko: "Horregatik adostu zen bere garaian leku hori, UPNrekin kenduta, alderdi politiko guztiekin". Dena den, aurten, EH Bilduk gidatutako udalaren aldetik hainbat oztopo jasaten ari direla salatu dute Festagiroko kideek, eta kanpaina bat abiatu dute Edozein udalen aurrean txosnak defendatu lelopean.
Ustez, Txosna Txikien kokapenaren eta ordutegiaren inguruko eztabaidak sortu du gatazka. 2016an Festagirok eta udalak adostutako ordutegia aldatu nahi du orain EH Bilduk, besteak beste, zaratari eta soinuari lotutako argudioei azpimarra eginda. Txosna Txikiak pilotaleku inguruan jarriz gero, ordutegia are gehiago murriztu nahi du udal gobernuak, eta modu horretan bultzatu nahi du Festagiro txosnagunea beste toki batera mugitzera.
"Zer aldatu da orain? EH Bilduk esan digu haiek gune horretan garatu nahi duten proiektuarekin bateraezina dela [txosnagunea]", gaineratu du Festagirok. Izan ere, udal gobernuak hainbat obra egin nahi ditu Txosna Txikiak jarri ohi diren lekuan, pilotalekua izandakoa zaharberritu eta plaza bilakatzeko.
Atzera
Festagirok salatu duenez, onartezina da txosnagunea "Alde Zaharretik urruntzea" eta bere garaian "adostu zen ordutegi hori berriz ere murriztea". "Guretzat, bere garaian lortu zen akordioa errespetatzea eta konkistatu genituen eskubideak ez murriztea negoziaezina da", argitu du Festagirok: "Txosnen baldintzak hobetzen egon ordez, ez okertzeko borrokan kateatu gaituzte".
Ohartarazi du "gero eta zailagoa" dela txosnagunearen antolaketa, "batez ere, bideragarritasun ekonomikoagatik". "Horregatik, edozein aldaketa, txikia izanda ere, proiektuaren kalterako da eta ezin da normalizatu horrelakoak gertatzea", azaldu du.
Bestalde, eta EH Bilduk azpimarratu dituen ustezko argudioei erreferentzia eginda, Festagirok dio txosnaguneko ordutegia murrizteak ez duela konponduko zonalde horretan egon daitezkeen "zarata eta zikinkeria", "Alde Zaharrean behin soilik antolatzen dituelako jarduerak [Festagirok]". Hala, salatu du "arazoaren iturria ez den hori mugatuz" eta seinalatuz "berreskuratu" nahi duela EH Bilduk "bizilagunen konfidantza", baina aipatutako obrak egiteko nahia dagoela berez horren guztiaren atzean.
Autoritarismoa
Festagirok jakinarazi du, horretaz gain, ordutegia ez betetzea leporatuta hainbat isun jaso dituela 2016tik, eta lehen ez zela halakorik gertatzen. Gogora ekarri du, bestalde, pandemia garaian udalak ez ziola musika emanaldirik antolatzen utzi, "udalak berak kontzertuak antolatzen zituen bitartean".
Festagirok esan du "eragile independentea" dela eta "txosnen proiektua defendatuko" duela "udalaren kolorea edozein dela ere". "Oztopoak oztopo, egitarau oparoa" antolatu duela dio, eta ohiko ordutegia izango dela ohiko txosnagunean, "nahiz eta EH Bilduren esku egon hori baimenarekin egin, ala ez".