Geldirik jarraitzen du Lemoizen (Bizkaia) huts egindako zentral nuklearraren instalazioetan arrain-haztegi bat egiteko planak. EAJko Aitor Estebanek 2019an jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari eman ziola jabetza (nahiz eta dikea, adibidez, joan den martxoan utzi zuen bere esku), baina jeltzaleek horren aurretik zabaldu zuten lau haizetara arraintegi bilakatuko zutela zentrala: Arantxa Tapiak esan zuen 11.000 tona arrain haziko zituztela bertan, eta 44,7 milioi euroko inbertsioa egingo zutela horretarako.
Sei urte igaro dira Jaurlaritzak instalazioen jabetza lortu zuenetik, baina, hala ere, oraindik ez dute haztegirik egin bertan. Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik berriki aitortu du ez dagoela "kronograma" zehatzik mahai gainean. Orain dela gutxi, EH Bildu buru duen udal-gobernuak atzera bota du dikeak hormigoizko bloke batzuen bidez birgaitzeko obren baimena; esan du, baimena eman aurretik, jakin egin nahi duela zehazki zer asmo dagoen instalazio horietan. Jauregiren esanetan, gaur egun "ez da posible" hori guztiz argitzea, nahiz eta hitzeman duen aurrerapausoak emango dituztela legegintzaldi honetan.
Momentuz, 418.165 euroko gastu bat egin du Jaurlaritzak Lemoizen, Urbietako presa lehengoratzeko eta zentral zaharreko dikea hobetzeko lanetan besteak beste. Segurtasunari lotutako gastuak ere hartu behar dira kontuan, hala ere: urtean 318.000 eurotik gorakoak izaten dira.
Gerora Iberdrola izena hartu zuen enpresak 1970eko hamarkadan ekin zien Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanei, euskal kostaldean energia nuklearra sortzeko instalazioak jartzeko planaren barruan. Dena den, azkenean, ez zuten sekula martxan jarri: kontrako jarrera nagusitu zen jendartean, eta zentralaren aurkako erantzun jendetsuaren bidez lortu zuten plana gelditzea.