AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Agerraldia atzo, Lekeition.
2023/11/09 09:37

Agerraldi bat egin zuten atzo Lekeitioko (Bizkaia) Uribarren Abaroa egoitzako langileek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareko (LAS) kideek, besteak beste, erresidentziako egoiliarren hainbat senideren eta Lekeitioko hainbat bizilagunen babesarekin. Modu horretan salatu dute, joan den maiatzean egoitzako lan-baldintzen alde borrokara jo zutenetik, gerentziaren aldetik jasan duten errepresiozko erantzuna.

Uribarren Abaroako beharginek eta LASek maiatzean ekin zioten borrokari, "muturreko lan-baldintzak salatzeko eta horiek hobetzeko". Agerraldi baten bidez eman zuten, hasteko, erresidentziako lan-baldintza negargarrien berri: "besteak beste, laneko segurtasuna bermatzeko beharrezko materiala ez izatea, kontratazio faltaren ondoriozko lan-erritmo jasangaitzak, praktiketako pertsonala soldatapekoen funtzioak betetzen egotea, bajak eta eszedentziak betetzeko langilerik ez kontratatzea, egutegi aldaketak jakinarazteko lan-hitzarmenean zehaztutako denborak ez betetzea, kategoria altuagoko eginkizunak eta erantzukizunak bete behar izatea horiei dagokien lansaririk kobratu gabe, lan-hitzarmenean hitzartutako atsedenerako denbora ez errespetatzea eta abar".

Egoera horri aurre egiteko, lau aldarri zehatz egin zituzten langileek eta LASek: langile gehiago kontratatzea, argudiatuta bestela ezin dela zerbitzu egokirik eskaini; egoitzan ustez indarrean dagoen lan-hitzarmena betetzea, "hainbat puntu sistematikoki urratzen" direlako; lan egiteko beharrezkoak diren "material eta baliabide egokiak ziurtatzea", eta "gerentziaren aldetik dagoen lan-jazarpena gelditzea".

Bide horretan, "lan-baldintzak hobetuko lituzkeen hainbat eskaerarekin", gutun bat eman zioten egoitzako gerentziari, "egoeraren erantzule zuzenena" delako. Horretaz gain, nabarmendu zuten "erresidentziako patronatua ere lan-baldintzen eta ematen den zerbitzu kaskarraren arduradun direla". Patronatu hori, hain zuzen ere, Lekeitioko alkateak, abadeak eta Uribarren eta Abaroa sendietako ondorengoek osatzen dute.

Etengabeko borroka, eta gerentziaren erantzuna

"Salaketa egin genuenetik batzarrak, kontzentrazioak, propaganda banaketak eta abar egin ditugu erresidentziako egoera ezagutzera emateko", azaldu zuten atzoko agerraldian beharginek eta LASek. Horrela, pixkanaka "herritar ugariren babesa" lortu dutela eta, "horri esker, lan-baldintzak hobetzeko egindako eskaeretako batzuk betetzen hasi" direla jakinarazi dute, "nahiz eta oraindik kalitate minimoko lan-baldintzak izatetik urrun" egon.

Langileek eta LASek urrats horiek egin ahala, baina, egoitzako gerentziaren benetako erantzuna argia izan da: kontziliazio-demanda bat aurkeztu du antolakuntzara jo duten erresidentziako beharginen eta LASeko kideen kontra. Zehazki, modu publikoan euren hitzak eta exijentziak atzera botatzea exijitu die gerentziak, bai eta 30.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea ere.

Hori dela-eta, langileak eta LASeko kideak azaroaren 6an joan behar izan ziren Gernikako (Bizkaia) epaitegira, eta adierazi zuten ez dituztela onartzen gerentziak egindako exijentziak. Beraz, orain, gerentziak aukera du epaitegietan salaketa bat aurkezteko.

Autoritarismoa langile borrokaren aurka

"Mugimendu horrekin, hasieratik salatu izan dugun gerentziaren izaera autoritarioa agerian geratu da", seinalatu zuten atzo agerraldian: "Bilatzen duena zer den argi dugu; borrokatzeko urratsa eman dugun langileak zigortzea eta, horrela, plantilla osoaren artean beldurra zabaltzea, muturreko lan-baldintzak onartu ditzagun". Horren kontra, baina, haiek aldarrikatu dute "erresidentziako lan-baldintza kaskarrak" salatu zituztela, eta horretan jarraituko dutela.

Hala, "erabat arbuiatu" zuten "langileon borrokari egin zaion erasoa", eta dei egin zioten patronatuari "dagokion ardura hartzera". "Langileok lanpostuan ere antolatzeko eta lan-baldintzen aldeko borrokak aurrera eramateko zilegitasuna eta beharra" azpimarratu zituzten, "mota guztietako nagusien inpunitateari muga bat jartzeko modu bakarra" dela iritzita.



EZ DAGO IRUZKINIK