AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/18 08:50

Leioako 5ak aske. Errepresio politikoa gelditu! lelopean, mobilizazio bat egin zuten Altsasun (Nafarroa) joan den larunbatean, herriko festetan. Elkartasun bazkari bat egin zuten lehenengo Altsasuko Jai Batzordearen karpan, Leioako 5en kontrako auzian izango diren gastu ekonomikoei aurre egiten laguntzeko. Horren ondoren izan zen manifestazioa herriko kaleetan zehar, 18:00etan hasita.

Hilabete honen amaieran, irailaren 27an, epaituko dituzte Leioako 5ak. Bilbon (Bizkaia) izango da epaiketa, goizeko aurreneko orduan. 2016an Leioako (Bizkaia) campusean izan zen mobilizazio batean atxilotu zituzten bost auzipetuak; ikasle mugimendua jasaten ari zen errepresioa salatzeko manifestazio batean, hain zuzen ere.

Horren harira, desordena publikoak, kalte materialak eta lesioak eragitea leporatzen diete, baita autoritateari atentatua egitea ere. Guztira, 45.000 euroko eta 40 urteko zigor ikaragarriak eskatzen dituzte bostentzat; hamazazpina urteko espetxe-zigorrak, bi lagunen kasuan.

Auzipetuetako bik, Gabi Daraspek eta Ander Mazkiaranek, iaz azaldu zioten GEDAR LANGILE KAZETAri 2016ko manifestazioan eta horren ondoren gertatutakoa, elkarrizketa honen bidez.

Mobilizazioak aste honetan ere

Leioako 5ak aske gera daitezela exijitzeko, hainbat mobilizazio antolatu dituzte asteotarako. Aurreko larunbatean Altsasun mobilizatu ostean, Leioako campusean eta auzipetutako bost pertsonen eskualdeetan egingo dute protesta aste honetan. Leioan jarri dute lehenengo hitzordua, ostegun honetarako. Ikasle Abertzaleakek deituta, 13:00etan campuseko Mikel Laboa plazan elkartuko dira ikasleak.

Larunbat honetan, berriz, bost herritan izango dira deialdiak: Altsasun, Baionan (Lapurdi), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa) eta Portugaleten (Bizkaia). Zehazki, ondokoak dira larunbaterako jarritako hitzorduak: 13:00etan Altsasuko udaletxe aurrean, 11:00etan Baionako Herriko Etxe aurrean, 12:00etan Lizarrako bus geltokian, eta 19:00etan Iruñeko Konpainia plazan zein PortugaletekoTriangeluan.

EZ DAGO IRUZKINIK