AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/20 10:44

Duela egun batzuk, Legazpiko Gaztetxean izandako hainbat gertakariren berri eman zuten gaztetxeko kideek; antolatutako ekimenetan barran lanean aritu den jendearen aurkako errespetu faltak, espazioa nahita zikintzea eta gaztetxeko materiala apurtzea bezalako erasoak zituzten, besteak beste.

Gaztetxeko asanbladako kideek aipatu zutenez, ez dute nahi Legazpiko Gaztetxeak "taberna soil baten" erabilera izatea; hain zuzen, "harremantze modu berri bat hedatzeko" eta "gazteen arazoen aurka antolatzeko" balio dezakeen espazio modura definitu baitute gaztetxea. "Berdintasuna eta errespetua" aldarrikatu zituzten, beraz, eta azaldutako egoera aldatzen ez bada, neurriak hartu beharko dituztela ohartarazi zuten.

Gertaera horiek salatu eta egun gutxira, berriro eraso zioten Legazpiko Gaztetxeari. Sare sozialen bidez zabaldutako irudietan ikus daitezke hautsitako kristalak eta apurtutako nahiz nahasitako bestelako materiala. Horren aurrean, elkarretaratzera deitu zuen asanbladak pasa den ostiral iluntzerako, eta horren aurretik, egun osoan izan zuen itxita gaztetxea.

Legazpiko Gaztetxea ez da azkenaldian erasoak jasan dituen espazio bakarra izan Goierrin. Ordiziako Gaztetxea ere izan da erasotua hilabete honetan; hain zuzen, apurtutako ate bat eta hautsitako diru-kutxa bat ikus daitezke argitaratutako argazkietan. "Bertan antolatzen diren eragileen eta asanbladaren aurkako eraso" bezala kokatu zuten gertatutakoa.

Argazkietan, Legazpiko Gaztetxea eta Ordiziako Gaztetxea

EZ DAGO IRUZKINIK