Aurreko asteburuan atera zen argitara Lazkaon urtearen amaieran izandako eraso arrazista bat. Abenduaren 28an, lanean ari zela, autobus gidari bati eraso zioten bi gizonezkok: zirkulazioko liskar baten ondoren, langileari irain arrazistak egin eta fisikoki eraso zioten.
Lazkaon, autobusentzat itxiegia den bihurgune bat hartu eta nahi gabe beste errailera sartzean, kontrako noranzkoan zetorren kotxe bateko bidaiariekin hasi zen liskarra. Autobus gidariari besoa altxatu zioten, eta hark ibilgailua geratu zuenean, irainka hasi zitzaizkion beharginari, "azalaren kolore beltzarana aipatuz eta jatorria susmatuta", Goierriko Hitza-ri azaldu dionez.
Auto horretako bidaiarien familiako batzuk aurretik zihoazen, eta haiek ere geratu eta abiada bizian egin zuten atzeranzka, autobus gidariari oldartzeko. Ibilgailutik jaitsi eta bera iraintzen eta autobusa hausten hasi ziren, eta une horretan jaitsi zen gidaria ere, erasotzaileei argazkiak atera ahal izateko. Orduan eraso zioten fisikoki: "Lepotik heldu zidan batek, eta besteak telefonoa hausteko esaten zion [...]. Eraso egin zidaten, jo egin ninduten, kolpeak eman zizkidaten eta lurrera bota ninduten". Jende gehiago zegoen bai kalean bai bidean, baina inork ez zion lagundu. Erasoaren ondorioz, baja hartu behar izan du.
Erasoa salatzeko eta arrazakeriaren aurka borroka egitera deitzeko, protestara deitu zuen Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Atzo egin zuen elkarretaratzea Lazkaoko plaza nagusian, Arrazakeria borrokatu! lelopean. "Geroz eta jarrera erreakzionario zein faxista gehiago ikusten ari garen honetan, gazte langileok borrokara batzeko eta antolatzeko beharra" nabarmendu zuen gazte-antolakundeak.