AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/02/17 19:30

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa eta Yuri Ushakov presidentearen aholkularia Riadera (Saudi Arabia) joango dira otsailaren 18an AEBetako ordezkaritza batekin biltzera, bi herrialdeen arteko elkarrizketa-sorta garrantzitsu bati bide egiteko. Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak azaldu duenez, negoziazioen helburua da "Errusiaren eta AEBen arteko harremanak berrezartzea" eta "Ukrainako gatazka konpontzeko balizko negoziazioak prestatzea".

Bilera horren bezperan, Moskun emandako prentsaurreko bat baliatu du Lavrovek Europar Batasunari eta Erresuma Batuari kritika gogorrak egiteko, esanez "gerrarekin jarraitzea" bilatzen dutela eta, beraz, "ez dutela lekurik Ukrainako gatazkari buruzko etorkizuneko negoziazioetan". Errusiako ministroaren arabera, Europak dagoeneko "hainbat aukera" izan ditu bake-prozesuan parte hartzeko, eta ez omen daki Europako herrialdeek zer ekarpen egin dezaketen orain batuz gero. "Gerrarekin jarraitzeko asmoz etortzen badira negoziazio-mahaira, zergatik gonbidatuko ditugu?", galdetzen zuen Lavrovek agerraldian.

Riadeko bileran, AEBetako administrazioko pertsona garrantzitsuek parte hartzea espero da, hala nola Marco Rubio estatu-idazkariak, Steve Witkoff Ekialde Ertainerako mandatariak eta Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkulariak. Errusiaren aldetik, Lavrovez eta Ushakovez gain, Kiril Dimitriev egongo da, Errusiako Inbertsio Zuzeneko Funtseko (FRID) zuzendaria, eta Moskuren eta Washingtonen arteko aldebiko lankidetza ekonomikoa ere eztabaidatuko du estatubatuarrekin, Interfax eta Reuters agentziek aipatutako iturrien esanetan.

EZ DAGO IRUZKINIK