Laudioko (Araba) garraiolari bat Alemanian dago ospitaleraturik, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), Alemaniako Poliziarekin "argitu gabeko gertaera" bat jazo ondoren. Itxura denez, duela hilabete izan zuen bihotzekoa gizonezkoak, polizia-agente batzuen esku-hartze batean. Ordutik ospitalean dago, koma egoeran.
Hainbat hedabidek emandako informazioaren arabera, Düsseldorf hiritik gertu izan ziren gertakariak, autobide batean. Antza, talka egin zuten kamioilaria gidatzen ari zen ibilgailuak eta auto batek, eta polizia-indarrak bertaratu ziren orduan. Alemaniako Poliziak dio behargina "asko asaldatu" zela une horretan, eta lurrera erori zela bat-batean, bihotzeko batek emanda.
Zenbait iturrik diote, ordea, fiskaltzak zalantzan jarri duela bertsio hori, eta gertatutakoa ikertzen ari dela. Langilearen senideek ez dute salaketarik aurkeztu oraingoz.