Arabako Foru Aldundiak duela bi urte hasi zituen obrak Laudioko (Araba) Lamuza parkean. Aitzakia horren babesean, parkean dauden espazio guztiak hustu zituen Laudioko Udalak, Laudioko Gaztetxea barne. Obrek iraun duten bitartean salatu dute herriko gazteek politika egiteko espazio baten falta; horretaz gain, udalak ez du inoiz ziurtatu gaztetxeko kideek gunea erabili ahal izango dutela lanak amaitzean. Hala, hautu bat egin dute haiek: gaztetxeko ateak ireki dituzte berriz.
Asteburu honetarako egitarau bat antolatu dute Gaztetxea gazte langileontzat lelopean. Atzo arratsaldean auzolan bat egin zuten espazioa txukuntzen jarraitzeko, eta gaur goizean, lan horiekin jarraituko dute. Bertso bazkari bat izango da ostean, eta gauean, aldiz, zineforum saio bat.
Antolakuntzari ateak ireki
Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak eta haren parte diren espazioetako kideek duela gutxi argitaratu zuten adierazpen bat, Antolakuntzari ateak ireki! aldarri hartuta. "Espazio berriak irekitzea inoiz baino zailagoa da, horiek normaltasunez
erabiltzeko gero eta arazo gehiago daude, eta desalojoak errepresio
polizial perfekzionatuagoetarako laborategi bihurtu dira", esan zuten komunikatuan. Guneen aurkako erasoak biderkatzen ari direla azaldu zuten, eta horien artean aipatu zuten Laudioko Gaztetxeak jasandakoa.