AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Laudioko Gaztetxea
2019/11/26 20:57

Azaroaren 18an bildu ziren Laudioko Gaztetxeko kideak Laudioko Udalarekin. Egun batzuk lehenago, eskutitza jaso zuten gaztetxekoek, eta hala izan zuten eraikina urtarrilaren 7rako husteko aginduaren berri. Izan ere, hilabete horretan, obra desberdinak hasiko dituzte eraikinean. Bileran, espazio horretara bueltatzeko bermerik ez dutela esan zien PNV eta PSE-EE alderdiek osatutako Udal Gobernuaren ordezkariak. Gainera, lanek iraun artean, beste espaziorik ez dutela izango ere iragarri zien, 18 urtez Laudioko Gaztetxea bertan kokatu eta gero. Horregatik, aldaketarik ez bada, egun horretarako gaztetxea desalojatuko dutela azaldu dute.

Laudioko Gaztetxea, okupazio mugimenduaren eskaerei erantzunez, udalak lagatako espazioa izan zen hasieran, 2005. urteraino. Ordutik, ordea, ez du lagatze kontraturik izan. Hala, bertako kideek azaldu dutenez, urte luzez, Laudioko Gazte Asanbladaren kudeaketa autonomoaren esku egon da gunea.

Erasoak

Ez da izan Laudioko Udalak azken hilabeteetan herriko eragileen aurka gauzatutako eraso bakarra. Gaztetxeko kideek gogoratu dutenez, udan bertan, gobernu taldea osatu berritan, Laudioko Txosna Batzordearen aurka oldartu zen "udal autoritarioa".

Gaurkoan, askotariko erasoei egin diete erreferentzia, beraz; aipatutakoez gain, azken hilabeteetan eskualdean eraildako bi langileak izan dituzte gogoan, baita beharginen kaleratzeak eta Artiach eta Berriak enpresetako langileek martxan jarritako mobilizazioak ere. Eraso horiek guztiak, "ofentsiba kapitalistaren testuingurutik kanpo" ezin direla ulertu uste dute gaztetxekoek. Hor kokatu dute gaztetxearen beharra; "baliabide" gisa, "kapitalismoaren aurka antolatzeko".

Horri guztiari erantzuna emateko agerraldia egingo dute abenduaren 4an, 18:30ean gaztetxean.

EZ DAGO IRUZKINIK