Orotara, 20 urte baino gehiagoko espetxe-zigorrak eskatu dituzte Tubacexeko greba dela-eta auzipetutako sei langilerentzat. Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) lantokietako beharginak ia zortzi hilabetez izan ziren greban 2021ean, eta hamaika izan ziren protesta-ekintzak. Polizia-indarrak langileen kontra bortizki oldartu ziren aldiak ere ugariak izan ziren, eta sei lagun daude auzipetuta horren harira. Autoritateari eraso egitea leporatzen diete.
Ostegun honetan epaituko dute langileetako bat, Gasteizen (Araba). 2021eko otsailaren 23an protesta bat egin zuten Tubacexeko beharginek, eta gogor egin zuen euren kontra Ertzaintzak. Atxilotua izan zen aste honetan epaituko duten pertsona, eta auzipetu egin zuten: 21 hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen dute beretzat. Langileak bizitza guztirako lesio bat dauka gainera, atxilotu zuten unean ertzainek eragindakoa.
Hiru langileren aurkako epaiketa, irailean
Auzipetuta jarraitzen duten beste hiru behargin datorren irailean epaituko dituzte. Bakoitzarentzat, lau urte eta zazpi hilabetera arteko zigorrak eskatzen ditu fiskaltzak. Gainera, enpresako beste bi langile ere epaituko dituzte aurrerago, nahiz eta oraindik ez dagoen data jarrita.
Aurreko urtean, zazpigarren langile bat epaitu zuten, baina absolbitu egin zuen epaileak. Ertzaintza gezurretan aritu zela ere ebatzi zuen.