Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak agindurik, Raul Angel Fuentes, Iban Apaolaza, Oihana Bakedano eta Aitor Fresnedo preso politikoak tokialdatuko dituzte. Madrilera mugituko dute Fuentes, eta Logroñora gainontzekoak.
2014. urtetik dute gatibu Fuentes, eta 50 urteko kartzela zigorra du betetzeko. Apaolaza, aldiz, 2008. urtean izan zen giltzapetua, 123 urteko kondena ezarrita. Bigarren graduan sailkatu ondoan, Logroñora hurbiltzea onartu dute. Bakedano 2002. urtean sartu zuten preso eta 18 urtekoa da bere zigorra. Fresnedo, ordea, 30 urte eta sei hilabeteko zigorra ari da betetzen, eta 2015. urtean bete zituen kondenaren hiru laurdenak.
Era berean, gaur bertan, uztailak 30, Josu Urrutikoetxea preso politikoa baldintzapean aske utzi du Parisko Dei Auzitegiak. Eskumuturreko telematikoa soinean eramanez bete beharko du zigorra Parisko etxe batean.