AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EP
2025/01/16 12:22

Faxismoa legeztatutako aukera bat da orotariko erakundeetarako hauteskundeetan, eta badirudi eskuin muturreko hautagaitzak indarra hartzen ari direla, esaterako, Europar Batasunean bertan. 2024an izan ziren Europako Parlamenturako azken bozak, eta biraketa argi bat izan zen eskuin muturrerantz. Kristau-demokraten Europako Alderdi Popularra (EPP) 188 botorekin nagusitu bazen ere, faxismoak markatutako agenda eta diskurtso ugari barne hartu ditu bai alderdi horrek bai sozialdemokraziak orokorrean, esaterako, migrazio-politikei dagokienez.

Ustezko Sozialisten eta Demokraten Aliantza-Talde Progresista (S&D) izan zen bigarren bozkatuena hauteskundeetan, 136 eserlekurekin, baina eskuin muturreko hiru taldek lortu zuten ordezkaritza zabala Europako Parlamentuan. Lehenik, Giorgia Meloni italiarra buru duen Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak (CRE) taldeak. Bestetik, bozen ostean eratutako Abertzaleak Europaren alde (Patriots for Europe) taldeak, zeinetan parte hartzen duten Voxeko Santiago Abascalek, Marine Le Pen frantziarrak nahiz Viktor Orbán hungariarrak. Eta, hirugarrenik, Nazio Burujabeen Europak (ESN), zeina Alemaniarentzako Alternatibak (AfD) zuzentzen duen. Hiru koalizioen artean, S&D taldeak baino boto gehiago lortu zituzten: 187 denera. Hortaz, instituzionalizatutako eskuin muturra izango litzateke bigarren indarra berez, 720 eurodiputatuen artean ia %26 barne hartzen baitu.

2019ko hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, orokorra da goranzko joera. Frantziako Estatuan, Le Penen hautagaitzak botoen %24 inguru eskuratu zituen orduan, eta bost urte beranduago %31,4ra igo zen ehunekoa. Espainiako Estatuan, Voxek jasotako babesa %50 inguru handitu zen guztizkoaren %9,62ra iritsi arte, eta Alvise Pérezen alderdi berria ere esanguratsua izan zen, 800.000 boto bereganatuta. Austrian, berriz, Austriako Askatasunaren Alderdiak (FPÖ) hamar puntu gehiago lortu zituen, %25,7ra helduz eta lehen indar bilakatuz; eta Italian lehen postura egin zuen jauzi Melonik, %28,8ko babesarekin. Herbehereak ere aipagarriak dira, Askatasunerako Alderdiak (PVV) ez baitzuen ordezkaritzarik lortu 2019an, baina bigarren indarra izan zen 2024an, botoen %17,7 lortuta.

EZ DAGO IRUZKINIK