AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB Michelin Lasarte
2020/01/20 19:43

Azaroa amaieran hasi ziren protestekin Lasarten (Gipuzkoa) Michelinek duen lantegiko langileak. Borrokaldiaren hasieran enpresako langile batzordeak salatu zuenez, enpresaren egoera ekonomikoa "ona" izan arren, langileei soldata jaisteko eta lan egunak gehitzeko asmoa agertu zuen multinazionalak. Hala, lantokiaren atarian mobilizatzen hasi ziren beharginak, "lan hitzarmen on baten alde"; azaroan eta abenduan, lau elkarretaratze izan ziren guztira.

Langileek zuzendaritzarekin izandako lehen bost bileretan, enpresako ordezkariek ez zuten negoziaketarako asmorik erakutsi. Urtarrilaren 13an, hamabigarren batzarraren ostean, honakoa izan zen enpresaren proposamena: %2,5eko soldata igoera lau urtetan berrikusi gabe; zortzi orduko igoera bost ekipotako lan-sisteman (gainerako sistemek ez lukete igoerarik izango); eta aurrerapen txikiak arazo zehatzetan.

Protestak aurrera

Eskaintza hori "bidegabea eta merezigabea" zela iritzita, lanuzteekin hastea erabaki zuen langile batzordeak. Urtarrilerako ordubeteko lau lanuzte deitu zituzten; hilaren 8rako, 15erako, 22rako eta 29rako. Otsailerako, aldiz, zortzi orduko lanuzteak deitu dituzte bi egunetarako; hain zuzen, otsailaren 5erako eta 19rako. Hurrengo plantoa, beraz, datorren asteazkenean izango da.

Urtarrilaren 13an plazaratutako adierazpenean beharginek salatu zutenez, zuzendaritzaren eskaintza "ez dator bat enpresaren egoera ekonomikoarekin eta industria adar horretako hitzarmen kolektiboekin". "Langile guztiekiko eraso" modura ulertu zuten enpresaren proposamena, eta azpimarratu zuten "langileek diru gutxiago irabaziz, enpresak diru gehiago irabazteko" asmoz hartutako neurriak izan zirela. Bestelako neurri batzuk ere exijitu zituzten, hala nola, behin-behineko langileen jarraitutasuna bermatzeko, errelebo kontratuetarako eta kontratu mugagabeetarako.

Adostasunik ez

Beharginek lanuzteak hasi zituztenetik, enpresak ez du lan baldintzak hobetzeari begirako inolako pausorik eman. Kontrara, sindikatuek salatu dutenez, iragan ostiralean zuzendaritzak %0,5era jaitsi zuen soldata igoera proposamena. Enpresaren "azken eskaintza" litzateke hori.

Langile batzordeko kideek adierazi dute "arrakastatsuak" izan direla lehen bi lanuzteak, eta borrokan jarraitzera dei egin diete langileei. Michelinek 550 pertsona ditu kontratatuta Lasarteko lantegian.

Gatazkak Michelinen gainontzeko lantegietan ere

Lasarteko lantegia ez da enpresak esku artean dituen neurrien eragina jasango luken bakarra; Michelinen gainontzeko lantokiei ere eragingo lieke. Besteak beste, Gasteizen (Araba) ere iragarri dituzte mobilizazioak langileek. 3.500 dira Arabako hiriburuko lantegian.